[Erreportajea] Eraldaketarako bidean tinko
Ateak zabaldu zituenetik, etengabeko gorako hazkundea izan du BDS Koop eraldaketa fabrikak. Bidasoan ere beste ekonomia eredu bat posible dela erakusten ari dira sareko proiektuak.
Badira ia bi urte Irun eta Hondarribiko zenbait eragilek eskualdeko ekonomiari bira emateko lehen pausoak eman zituztenetik. Duela urtebetetik elkartzen hasi ziren Irungo Erromes plazako BDS Koop eraldaketa fabrika berrian. Ordutik, proiektu ugarik euren txokoa aurkitu dute bertan, Bidasoan ere beste ekonomia eredu bat posible dela erakusteko.
2018ko azaroan zabaldu zituen ateak fabrikak, baina egitasmoa atzetik zetorrela kontatu du Gari Garaialde fabrikako komunikazio arduradunak. Olatukoop proiektutik etorritako zenbait kooperatibek eman zuten egitasmoa sortzeko pausoa, tartean, LZB arkitekturak, Hiritik At-ek, Izarkom telekomunikazio operadoreak, eta Pausumedia komunikazio elkarteak. «Ekonomia sozial eta eraldatzailean [ESE] murgilduta gaudenon elkarketa bat da BDS Koop, ESEaren kontzeptua eskualdean zabaltzeko asmoarekin sortutakoa», azaldu du hondarribiarrak. Kontzeptua hedatzeaz gain, sare indartsua osatzen aritu dira azken hilabeteotan, pixkanaka, eskualdeko ekonomia ereduari alternatiba ugari eskainiz. Finean, «eskualdean positiboki eragitea» izan da helburua, BDS Koop-eko koordinazio arduradun Claudia Romeroren arabera.
Egun, sare egonkortua lortu dute, eta fabrika proiektuz eta langilez beteta dago, lepo. Orotara, bederatzi enpresa bazkidek osatzen dute faktoria. Bertako kideek azaldu dutenez, bereziki, hasierako lau proiektuek egiten dute lan egunerokotasunean Erromes plazako fabrikan, eta bidelagun ugari lortu dituzte azkenaldian. Labore Txingudi, Antxeta Irratia, Aldatsa baratze kooperatiboa, Parean elkarte feminista, Bostok argazkilaritza agentzia, eta Ara Gorputz! elkartea izan dira sarera batu diren beste egitasmoak. Horiez gain, inguruan badira bestelako eragile asko, modu batean ala bestean, BDS Koop-ekin elkarlanean aritzen direnak.
Ekonomia sozial eta eraldatzailean bezalaxe, lehen egunetik pertsonak erdigunean jarri dituztela azaldu dute BDS Koop-eko kideek. Ekonomia modu demokratikoan banatu dute, egungo eredutik oso urrun.
Hierarkikotasunik ez dago eraldaketa fabrikan. Gainera, prozesuak kolektibizatu dituzte, eta sortutako ondasun eta zerbitzuak beharrak asetzeko baliatu dituzte, ez ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Hori guztia, ingurumenarekiko errespetua duen ikuspegi batetik landu dute.
Txikitik handira
Sarea osatzen duten proiektu gehienak zerbitzuetara zuzendutakoak direla argitu dute fabrikako kideek. Hori dela eta, eskaintza pluralizatzeko asmoz, bestelako esparruetara ere jauzi egin nahi dute. Industrian, adibidez, dagoeneko zenbait proiektu buruan dituztela azaldu dute. Horregatik, ESEarekin lotutako proiektuez gain, edozein enpresa txiki edo ertainetan ere euren planteamendua hedatu nahi dute, potentzialtasuna dagoela ikusi baitute. Garaialderen arabera, «txikitik handira» eragiteko aukera dago eskualdean. «Beste modu batera lan egiten dugun enpresek funtzionatzen dugula erakutsi behar diegu handiei», gehitu du.
Bestelako lanen artean, ESEaren kontzeptua zabaltzeko hurrengo pausoa paperezko argitalpen bat izango dela iragarri dute. Maiatzean ekonomia sozial eta eraldatzailearen gaineko aldizkari bat argitaratuko dute, Argia aldizkariaren laguntzarekin. 1.500 ale banatuko dituzte lehenik, eta irakurri nahi dutenek fabrikan bertan doan jasotzeko aukera izango dute.
BDS Koop-eko jarduna gertuagotik ezagutzeko, Aixin Zolua ibilbideko bosgarren zenbakira jo daiteke. Bestela, www.bdskoop.eus webgunean informazio gehiago eskuragarri dago.