E50 autobus zerbitzuarekin kexu dira Amute-Kostako bizilagunak
Hondarribia eta Anoeta estadioaren arteko bidea egiten duen autobus zerbitzuak Amute-Kostako bizilagunak jasotzen ez dituela salatu du auzo elkarteak.
E50 autobus zerbitzuarekin izandako arazoak eta eragindako kalteen berri eman du gaur Amute-Kostako auzo elkarteak. Hondarribia eta Anoeta (Donostia) lotzen ditu autobus lineak partida egunetan, baina auzo elkarteak publiko egin duenez, azkenaldian autobusa erabat beteta iristen da auzora eta gelditu gabe igarotzen da bertatik. Halaber, Anoetara iritsi arren, itzultzeko lekurik ez eta Donostian utzi izan ditu auzotarrak, bueltatzeko zerbitzu publikorik gabe, elkartearen salaketaren arabera.
Orain arte plaza kopurua aintzat hartu gabe uzten zietela erabiltzaileei autobusera igotzen dio elkarteak: «Lizentzian onartutako kopuruaren gainetik, denak pilatuta eta zegokion prezioa ordainduta hartzen zituzten bidaiariak. Gogora dezagun, gainera, tankera honetako ibilbideetan garestiagoak izaten direla txartelak». Orain, aldiz, enpresak bidaiariak bertan uztea erabaki duela adierazi du elkarteak, lizentziak mugatutako kopuruari dagokiona errespetatuz, baina «errefortzurako bigarren autobus bat eskaini gabe».
Horrek guztiak kezka eragin du auzokideengan. Izan ere, «Hondarribia probintziaren periferian kokatuta egonda, eta Amute-Kosta auzoa Hondarribiko periferian izanda, behin eta berriz garraio publiko eraginkorraren falta sumatzen dugu».
Hilaren 13an Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun departamentuarekin harremanetan jartzen saiatu ziren arren, momentura arte ez dutela erantzunik jaso zabaldu dute. Hori horrela, egoera publiko egiteko erabakia hartu dute auzotarrek eta oharra helarazi diete Hondarribiko Udalari eta bertako mugikortasun mahaiari, Lurraldebuseri, Amute-Kostako bizilagunei eta eskualdeko komunikabideei.