Claudia Romero: «BDS Koop-en denek oso argi dugu nora eta nola heldu nahi dugun»
BDS Koop-eko kidearen arabera, gero eta gehiago dira proiektu alternatiboetara jotzen duten herritarrak, baita Bidasoan ere. Sarea hedatzea izango da hurrengo helburu nagusia.
Jada urtebete luze eman duzue eraldaketa fabrikan lanean. Zer nolako balorazioa egiten duzue?
Oso baikorra. Hemengo proiektuen artean elkarbanatzeko zerbitzu batzuk lortu ditugu, egunerokoan lagungarri direnak, lokala ireki aurretik ez bezala, benetan gure jardunean zentratu ahal izateko. Eta hori ez da gutxi. Edozein zalantza sortzerakoan edozeinek lagundu zaitzake, hori da lortu dugun gauza garrantzitsuenetarikoa. Esaterako, arkitekto baten edo elikadura aditu baten iritzia leku berean edukitzea ikaragarria da. Gure arteko lana eta kooperazioa ahalbidetzen du fabrikak.
Fabrikan hasi zirenetik, proiektuek aldaketa handia sumatu dute?
Bai. Azken batzarra urtarrilean egin genuen, eta denek balorazio berbera egin genuen, oso ona. Gainera, proiektu guztiak hazkunde egoeran gaudela esan dezakegu. Aurreko urteekin alderatuta, iazko kontuak ikusita goraka goaz, modu oso positiboan gainera. Txikiak gara, baina aurrera goaz, pixkanaka, baina tinko. Proiektua kontsolidatzen hasi da, gero eta kontzienteago gara benetako eragina izan dezakeela gure jardunak. BDS Koop sortzerako garaian eskualdeko ekonomia sozialaren mapeo bat egin genuen, eta egungoarekin alderatuta, aldaketa handia sumatu dugu. Indar gehiago hartzeko unean gaude, eskualdeko ekonomiari laguntza gehiago emateko, eta zabaltzeko aukera izateko.
Esparru oso ezberdinetako proiektuek egiten duzue lan egunerokoan. Zer nolako harremana duzue?
Ikaragarria, egia esan. Balore batzuk elkarbanatzen ditugu guztiok, BDS Koop-en oso argi dugu nora heldu nahi dugun, eta nola heldu nahi dugun hara. Beti ez da erraza, borondatea eduki behar da. Adibidez, finantzazio iturri gardenekin kontatu nahi baduzu, gauzak modu oso zehatz batera egin behar dira. Eta horretan gaude. Guztiok helmuga berbera dugu, eta zentzu horretan erraza da hemen lan egitea. Familia txiki bat garela esan daiteke.
Ekintzailetza bultzatzen duzue, baina ez gaur egun ulertzen den terminoetan, ezta?
Komatxo arteko ekintzailetza sustatzen dugu. Pentsatzen dugu ekintzailetza posible dela, betiere ingurumena errespetatzen bada, ikuspuntu feminista eta sozial batetik lantzen bada, adibidez. Hori da zabaldu nahi dugun mezua. Era berean, asmoa dugu eskualdeko institutuetan hitzaldiak emateko, gazteek jakin dezaten beste merkatu alternatiba batzuk existitzen direla, ohiko tradizionaletatik harago, lehiara begira daudenetatik urrun. Zentzu horretan La Salle, Bidasoa eta Plaiaundi ikastetxeekin eta EHUrekin hizketan gabiltza, praktikak eskaintzeko. Uste dugu aukera ona izan daitekeela ikasleek errealitate hau ezagutzea, ikas dezatela elkarrekin lan egiten, beti pertsonak erdigunean jarrita, hori da gakoa.
Kooperazioan dago funtsa, beraz.
Hori da. Lehiatu beharrean, aliantzak bilatzen dira ekonomia sozial eraldatzailean, eta gurean ere bai. Lehia, mehatxuak eta bestelakoak ikertzerakoan guk aukera gehiago ikusten ditugu. Txikien artean elkartu behar gara, lehiakorrak izan, baina gure baloreak galdu gabe.
«Zorionez, gero eta gehiago dira ESEaren aldeko apustua egiten duten herritarrak»
Orain arte egindako lanak zer nolako eragina izan du inguruan?
Azken urtean gauza asko egin ditugu. Parean-eko neskek azken ikerketan, adibidez, uste dut ikaragarrizko lana egin dutela, orain arte ezkutuan egon den emakume migratzaile askoren errealitatea plazaratzen. Horrelako beste asko aipa ditzaket. Adibidez, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Parte Hartu proiektua egin dugu, hemengo enpresetan parte hartzea hobetzeko, gardentasuna bultzatzeko. Tamaina handia izan du horrek. Gero, Labore Txingudiren birfundazioa ere lorpen handia izan da guretzako. 60 bazkidetik 160ra pasatu dira denbora oso laburrean, primeran doan proiektua da. Proiektuetatik harago, gure arteko harremana eta lan egiteko metodoa hobetzea lorpen handia izan da, eta era berean, ESEaren kontzeptua eskualdean zabaltzea, herritarrek ezagutu dezatela. Orain estruktura indartsua dugu, eta orain da momentua egitasmoak eragin handiagoa izateko eskualdean. Baina hori egin ahal izateko erakundeen laguntza behar dugu, funtsezkoa da. Gure gaurko lana horretan dago.
Nolakoa izan da erakundeek orain arte eman dizueten erantzuna?
Proiektu batzuetarako udalen erantzun ona jaso dugu. Hori indartzen ari gara orain, harremanak estutzen. Denoi dagokigu kalitatezko enplegua sortzea. Esaterako, Donostian edo Errenteria-Oreretan egindako etxebizitza komunitarioaren proiektua zergatik ez Irunen aplikatu? Horrelako pausu handiak emateko denen inplikazioa beharrezkoa da, bereziki erakundeena. Halere, pausoak eman ditugu. Eusko Jaurlaritzaren ekonomia sozialeko sailarekin bildu izan gara, eta euren interesa azaldu dute. Hau ikusita, uste dugu, zalantzarik gabe, aurrera goazela.
Zaila da ekonomia soziala egungo gizarte kontsumista honetan txertatzea?
Uste dut, zorionez, gero eta gehiago garela ESEaren aldeko apustua egiten dugunak. Labore Txingudi horren adibide garbia da. Gero eta gehiago begiratzen dugu zer jaten dugun, eta elikaduraz gain beste esparruetan ere horrela da. Tokikoa nahi dugu, ahalik eta sozialena. Izarkom ere adibide garbia da. Sekulako harrera izaten ari da, eta uste dut gero eta gehiagok joko dugula horrelako proiektu askeetara.
«Lehiatu beharrean aliantzak bilatzen dira ekonomia sozial eta eraldatzailean»
Hortaz, etorkizuna bermatua du ESEk?
Bai, uste dugu eraginkorra dela eta uste dut ibilbide luzea izango dutela hemengo proiektu askok. Esaterako, Izarkomek gaur egun langile eta erdi ditu, eta izaten ari den bilakaera ikusita, hemendik urte batzuetara langile kopurua asko handitu daiteke.
Beraz, helduko da eraldaketa fabrika txiki geratuko den unerik…
Bai, eta espero dugu goiz izatea. Epe luzerako helburuetako bat lokal hau txiki geratzea litzake, esango lukeelako kalitatezko enplegua sortzen ari garela. Gure izatea hori da, kalitatezko enplegu duina sortzea Bidasoan. Horrek esan nahiko luke zorionez gero eta jende gehiagok begiratzen duela zer kontsumitzen duen.