Irundarren babesa du Iratxe Sorzabalek
Irundarraren aurkako epaiketaren atarian (gaur epaituko dute), elkarretaratzea egin zuten atzo ehun bat lagunek Jenaro Etxeandia plazan.
Gaur bertan epaituko dute Iratxe Sorzabal Parisko Dei Auzitegian, irundarraren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalak aurkeztutako laugarren euroagindua epaituko dute zehazki. Azken epaiketan, Parisko Dei Auzitegiak Sorzabalen Espainiaratzea onartu zuen urriaren 9an, Espainiako Auzitegi Nazionalaren euroagindu eskaera ontzat hartuta.
Epaiketaren atarian, euskal presoari elkartasuna adierazteko elkarretaratze jendetsua egin zuten atzo irundarrek. Bidasoaldeko Iratxeren lagunek antolatuta, ehun bat lagun bildu ziren Jenaro Etxeandia plazan, Torturarik ez! Euroagindurik ez! Konponbide garaia da, Iratxe etxera! lelopean.
Aurreko hiru euroaginduak bezalaxe, azken hau ere 2001ean atxilotu zutenekoa dela gogoratu zuten atzoko elkarretaratzean, «Bost eguneko inkomunikazioan jasandako torturen ondorioz onartutako akusazioak» direla. Gainera, Audientzia Nazionalean, Ismael Moreno epailearen aurrean jasandako torturak salatzeaz gain, egungo euroaginduaren oinarrian dauden akusazio horiek Sorzabalek «osoki ezeztatu» zituela diote. «Ezaguna da Estatu Espainiarrak tortura praktikatu duela», esan zuten, hainbat tortura kasu gogoratuz.
Sorzabalen kasuan Espainiako Estatuaren «ankerkeria agerikoa» dela diote euskal presoaren lagunek, izan ere, 2001eko atxiloaldi hartako torturak hainbat erakundek ikertu eta egiazkotzat jo zituzten. Atxilotu eta biharamunean Audientzia Nazionaleko mediku forentsearen aginduz, Madrilen irundarraren aurkako tratu txarrak baieztatu zituztela nabarmendu zuten atzokoan. Gainera, CPT Europako Torturaren Prebentziorako Komitearen bisitaren harira, tortura zantzuak zeudela ikusita, ikerketarako protokoloa martxan jarri zutela diote, baita Amnesty International erakundeak ere. Era berean, defentsaren eskariari onartuz Parisko Instrukzio Epaileak torturaren egiazkotasuna aztertzea onartu zuela gogorarazi nahi izan dute, Istanbulgo Protokoloa aplikatuz. «Ikerketa honek, baieztatu du, berriz ere, Sorzabal torturatua izan zela».
Torturapean onartutako akusazioak oinarri dituzten euroaginduak onartzea bidegabetzat eta antidemokratikotzat jo dute euskal presoaren lagunek, baina ez hori bakarrik. «Ez dezagun ahaztu 20020klo irailean Iratxe Sorzabal aske utzi zutela Espainian, bere aurkako nahikoa frogarik ez zutelako. Zergatik bada? Eta zergatik daude beraz, gaur egun froga aski Iratxeren aurka?». Guzti honen atzean Espainiako Estatuaren mendeku politika dagoela diote, mendeku horretan oinarritzen direla euroagindu guztiak.
Amaitzeko, Frantziako justiziari euroagindua ez onartzea eskatu zioten atzoko agerraldian. «Torturan eta mendekuan oinarritzen den prozesu juridiko hau bertan behera gelditzea eskatzen dugu».