Inauterietara begira mairuak antolatu ditu aurten berriz ere Emekik
Hainbat urtetako geldialdiaren ondoren iaz heldu zion elkarteak berriro ohiturari eta «esperientzia oso positiboa» izan zenez aurten errepikatzea erabaki dute.
Inauteriak gerturatzen ari direla-eta mairuak antolatzeari ekin dio Emeki emakumeen elkarteak. Hilaren 22an larunbatarekin finkatu dute hitzordua, Jaizkibel kanpinean, 10:00etan, eta egunaz haiekin gozatzera herritar oro gonbidatu dute. Gosaria emateaz gain, jasotako puskekin Emekiren egoitzan bertan bazkaria egingo dutela aurreratu dute.
Errotutako tradizioa izan ziren mairuak Hondarribian 1936ko Espainiako Gerra iritsi zen arte. Leinenea baserriko Zelestina Mirandak hala ere, ezkutuan, ohitura bizirik mantendu zuen. 1992an Emekik berreskuratu egin zuen «baserriz baserri eskean mairuz jantzita» ibiltzeko Inauterien inguruko ohitura, baina 2010ean berriz ere eten zen. Iaz, mairuak antolatzearen aldeko apustua egin zuen elkarteak berriz ere, eta «esperientzia oso positiboa» izan zenez aurten berriro mairuz janztea eta baserriz baserri ibiltzea erabaki dute.