Kalera aterako dira herritarrak, Zaldunbordako proiektua salatzera
Larunbatean (hilak 15) Irungo Renfe geltokitik abiatuko dira manifestariak, Urdanibia plazan bukatzeko. Bidean, proiektuaren gaineko informazioa banatzen ariko dira.
Zaldunbordako mega outlet proiektua gelditzea exijituko dute herritarrek larunbatean (hilak 15) Irunen. Martxa berezia antolatu dute eragile ugarik, tartean, Bidasoaldeko Lagunak eta Eguzki N2000 taldeek. Mugan merkatari elkarteak eta Zaldunborda Gelditu plataformak ere bat egin dute deialdiarekin.
Irungo Renfe geltokitik abiatuko dira manifestariak, mobilizazioa Urdanibia plazan bukatzeko. Bidean, proiektuaren gaineko informazioa banatzen ariko dira. 10:30ean hasiko dute martxa. Bide batez, politikariei herritarren eskaerak kontuan hartzeko eskaera luzatu diete martxaren deitzaileek. Eskualde osoko herritarrak parte hartzera deitu dituzte.
Ondorengo arrazoiak argudiatu dituzte larunbateko mobilizaziora joateko:
- Hiriko komertzio eta ostalaritza kaltetuko lukeelako.
- Zaldunbordako ingurua Aiako Harria-Jaizkibel korridore ekologikoan dagoelako eta izango lukeen inpaktua sostengaezina litzatekeelako.
- Errepideak kolapsatzerakoan, mugikortasun suntsitzaile eta sostengaezina sustatuko lukeelako.
- Kontsumo arduragabe eta sostengaezina bultzatuko lukeelako.
- Proiektuak sortuko lukeen lan postu bakoitzeko kalitate handiagoko bi suntsituko lituzkeelako.
- Proiektuaren garapena eta kudeaketan gardentasun falta handia egon delako.
- Eusko Jaurlaritzak Hondarribiko Udalari proiektua gelditzea eskatu diolako.
- Finean, bertako bizitza ereduari eta kulturari eraso egiten diolako.