Bizikleten mantenurako dorrea jarri du udalak Bidasoa ibilbidean
Amute eta Jaitzubia lotzen dituen bidegorrian kokatutako beste zerbitzu dorrearekin bi dira dagoeneko bizikleten mantenura bideratutako guneak.
Hondarribiko Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planean (HMJP) zehaztutako moduan, bizikleten mantenurako dorre berria jarri du udalak Bidasoa ibilbidean. Jaitzubia eta Amute arteko bidegorrian beste bat ezarri zuen tokiko gobernuak eta Gonzalo Carrion Obra zinegotziak azaldu duenez, «gehienbat bidegorrien erabiltzaileei begira eta bizikletaren erabilera sustatu asmoz, horiek egokitzeko dorre bat jarri dugu». Aurrekontua 1850 eurokoa izan dela ere zehaztu dute Carrionen departamentutik.