Kirolzerrek eta Elayk bat egin dute biharko greba orokorrarekin
Hondartza kiroldegia itxita egongo da eta lorezaintza zerbitzukoek ez dute lanik egingo; enpresa batzordeek hamaika lantegietan egin dituzte bilera informatiboak.
Lan, pentsio, bizitza duina lelopean biharko deitutako U-30eko Greba Orokorrak zenbait atxikipen jaso ditu Hondarribian, momentura arte asko izan ez diren arren. Momentuz Hondartza kiroldegia itxita egongo dela jakinarazi du Kirolzer enpresa kudeatzaileak aho batez Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak egindako aldarrikapenekin bat egin ondoren, baita herrian lorezaintza zerbitzua ematen duen Elay enpresak ere.
Enpresa batzorde ezberdinek bilera informatiboak egin dituzte han-hemenka greba orokorrarekin bat egiteko argudioak langileen artean zabalduz. HITZAk jasotako datuen arabera, ondoko enpresetan izan dira saio informatiboak: UTE Txingudiko Garbiketa, Bidasoaldeko Garapen Agentzia, Clece etxez etxeko langileen zerbitzu enpresa, Farvital, Hondarribiko Udala eta Hondarribiko ikastetxe ezberdinak. Ekialdebusek bere aldetik, gutxieneko zerbitzuak eskainiko ditu bihar.
Jon Urkola Oarso-Bidasoko ELA sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, azken horietan greba ez da bozkatu eta beraz, langile bakoitzak bere kasa erabakiko du deialdia babestea ala ez. Hori dela eta, bihar arte ezingo dute jakin grebak zer nolako jarraipena izango duen. Hortaz, bihar arte itxoin beharko dute interesdunek datu ofizialak kaleratu arte.
Udal alderdi politikoei dagokienez, EH Bilduk eta Abotsanitzek bat egin dute greba orokorraren aldarrikapenekin, ez ordea PSE-EEk, deialdiak pentsiodunen mugimenduaren aniztasuna aintzat hartzen ez duela iritzita. EAJk ez du momentura arte gaiaren gaineko adierazpenik egin. EH Bilduk gainontzeko udal taldeek greba babestu zezaten ebazpen proposamena erregistratu zuen hilaren 16an. Abotsanitzek bere aldetik, biharko deituta dauden udal batzordeak atzeratzea eskatu dio gaur alkateari, alderdiak sare sozialetan jakinarazi duenez, «batzorde horiek atzeratzen ez baditu, ez dugu bertan parte hartuko».
Greba deialdia
Hego Bidasoko Greba Plataformak argitara emandako egitarauak Irunera deitu ditu hondarribiarrak. Ondokoa izango da biharko aurreikusitako plana:
- 07:00etan: Pikete informatiboak Gabiria industriagunean.
- 09:00etan: Greba hirigunera ekartzen San Juan plazan.
- 10:45ean: Autokarabana herriz herri Gabiria industriagunetik Donostiara.
- 11:45ean: Herrialdeko manifestazioa Saguesetik.
- 17:30ean: Bidasoko manifestazioa Mendeluko biribilgunetik San Juan plazaraino.