Txakurren jabeei zuzendutako sentsibilizazio kanpaina aurkeztu du udalak
Txakurrak lotuta eramateko eta gorozkiak jasotzeko beharraren gainean informazioa banatzeko zortzi agente zibiko lanean jarri ditu tokiko gobernuak.
Hondarribiko Udaleko Maria Serrano Hiritarren Arretarako zinegotziak txakurren jabeei zuzendutako sentsibilizazio kanpainaren berri eman zuen atzo. Txakurrak lotuta eramatea eta horien gorozkiak jasotzea derrigorrezkoa dela adierazi zuen hautetsiak. Horren inguruko informazioa ematen ariko dira kontratatutako zortzi agente zibikoak.
Hiri bizikidetzari, ondasun publikoak errespetatzeari eta eremu publikoaren garbiketa, okupazioa eta erabilera arautzeari buruzko Ordenantza izan zuen hizpide Serranok agente zibikoen lana justifikatzeko. Izan ere, legea onartu zutenetik orain dela urtebete inguru «hainbat sentsibilizazio kanpaina jarri ditugu abian, eta orain beharrezkoa iruditzen zaigu honi bultzada bat ematea».
Hala, geroz eta txakur jabe gehiagok ordenantza betetzen dutela onartu zuen zinegotziak, nahiz eta «hori ez da beti horrela izaten». Udalak ia milioi bat euro inbertitzen duela urtero hiria garbia egon dadin ere argudiatu zuen agintariak, eta arauak hausteak «zigorrak jartzea ahalbidetzen duela» gogorarazi zuen.
«Kasino Zaharra, Javier Ugarte kalea, Sokoa eta Merkatu plaza» dira identifikatutako gune gatazkatsuak hautetsiak atzo zabaldu zuenez. Inguru horietako bizilagunek ordea, bestelako iritzia agertu dute lehendabiziko lau agente zibikoak kontratatu zituztenetik. Agenteak soilik txakur jabeen gainean ibili izana salatu dute, gainontzeko arau hausteekin ezikusiarena eginez, eta animalien gaineko informazioa modu ezegokian helaraziz.
Bertan kontsulta daiteke etxeko animalien gaineko ordenantza.