«EAJ da Santanoren proiektu bukatuaren alternatiba bakarra»
2020ko aurrekontuen onarpena PSE-EEk «bere interes alderdikoiak aurrera eraman ahal izateko sortutako tranpa bat» izan dela salatu dute jeltzaleek.
Atzo onartu zituzten 2020ko udal aurrekontuak. Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza eta EH Bilduren babesa jaso zuen PSE-EEk (17 boto), eta EAJk abstentzioaren alde egin zuen. PPk aldiz, kontra bozkatu zuen. Bada, atzoko plenoaren harira jeltzaleek zenbait kontu argitu nahi izan dituzte.
Atzoko bilkuran «onargarriak diren eta hiriaren beharrei erantzuten dieten proposamenak» defendatu zituztela nabarmendu du Xabier Iridoy bozeramaileak lehenik: berdintasuna, prebentzioa, aparkalekua, energia trantsizioa, ongizatea, euskara, gazteria, kirola, segurtasuna, hiriaren bultzada, auzoak…. «Ez dugu Irunek aurrera egiteko behar duen 2020rako aurrekontua oztopatu», dio jeltzaleak. Koherenteak eta arduratsuak izan direla argudiatu du, momentu oro jarrera baikorra izan dutela, «Irun pertsona guztientzako hiria izatea nahi dugulako».
«Agerian geratu da prozesu guzti hau PSE-EEk, bere interes alderdikoiak aurrera eraman ahal izateko sortutako tranpa bat izan dela», salatu du Iridoyk. Sozialistei akordiorako jarrera ikusarazi nahi izan dutela leporatu diete, «eta hori ez d inolaz ere benetakoa izan» jeltzaleen arabera. «Santano alkateak eta PSEk ez dituzte ordezkatzen ditugun 7.000 pertsonak errespetatzen. Gaur, inoiz baino gehiago, horrek lekuko izan gara, gainera, Irunen aliantza berri bat azaleratzen ari dela ikusi da», dio Iridoyk, Elkarrekin Podemos eta EH Bildurekin iritsitako akordioari erreferentzia eginez. Sozialistek jeltzaleekin duten itun globala hautsi duela leporatu dio Santanori, fidagarria ez dela nabarmenduz.
Amaitzeko, EAJko bozeramaileak adierazi du EAJ dela Irunen Santanoren «proiektu bukatuaren alternatiba bakarra». «Guk, oposizio eraikitzaile batetik, irundar ororen interesak eta beharrak defendatuz lanean jarraituko dugu»«, gehitu du jeltzaleak.