Sagardo dolareak ardatz izango ditu Ezagutu zure hiriaren lehen saioak
Ostiralerako eta larunbaterako hitzordu bana finkatu du Arma Plaza fundazioak. Horrez gain, Guadalupeko gotorlekura bisita gidatuak berreskuratuko dituztela zabaldu dute.
Arma Plaza fundazioak gogoz ekin dio 2020. urteko denboraldiari eta jakinarazi duenez, Ezagutu zure hiria jardueraren lehen saioa egingo dute hilaren 31n eta otsailaren 1ean, ostiralean eta larunbatean hurrenez hurren. Halaber, Guadalupeko gotorlekura egin ohi zituzten bisita gidatuei berriz ere helduko dietela zabaldu du fundazioak.
Ezagutu zure hiriak dolareak izango ditu hizpide asteburu honetan finkatutako hitzorduetan. Josu Tellabide etnologoak eta Eusko Ikaskuntzako zein Aranzadi zientzia elkarteko kideak Antzinako sagardo dolareak, bilakaera eta ohiturak izenpeko hitzaldia emango du etzi, ostiralarekin, 19:00etan Arma Plaza kultur eta informazio gunean. Euskaraz izango da solasaldia eta sarrera debalde izango da.
Larunbatean, bestalde, Ola sagardotegira bisita gidatua egingo dute parte hartzeko interesa duten lagunek. Tellabidek eta Ola sagardotegiko nagusi Iñaki Bengoetxeak gidatuko dute bisita. Honetarako ordea, ezinbestekoa izango da izena ematea 943644623 edo 943643677 telefono zenbakietan edo posta elektroniko bidez. San Juan de Dioseko biribilgunetik aterako da autobusa Olarantz, 19:00etan.
Historiara bisita gidatuak
Arma Plaza fundazioak Guadalupeko gotorlekura bisita gidatuak berreskuratuko dituela ere jakinarazi du. Los lugares prohibidos izenburupean Juan Antonio Saez adituak gidatuko du gaztelaniazko bisita gidatua, igandeetan, 11:00etan. Bi orduko iraupena du irteerak eta 10 euroko kostua. 16 urtez azpikoek debalde sartu ahal izango dira. Xehetasun gehiagorako webgunea bisita dezakete interesdunek.