Denboran atzera, dantzan
1990. hamarkada aitzakiatzat hartuta aurtengo lehen jaialdia antolatu du Amua klubak biharko ‘Back to the 90’s’ izenburupean, garaiko erritmoez gozatzeko parada paregabea eskainiz.
Aurtengo arrantza sasoiarekin itxaropentsu, beita egiten hasi da Amua kluba dagoeneko. 2020. urteko lehen jaialdia egingo dute bihar, baina ez azkena, aurtengo ekitaldia biziki indartsu azaleratzen baita elkartearentzat. Hori dela eta, arrantzarako denboraldi berria ganoraz zabaltzeko, lehenik eta behin, 1990eko hamarkadari omenaldia eskaintzea erabaki dute Amuako kideek.
Bi zatitan banatutako egitaraua atondu dute horretarako: Itsas Etxea auditoriuman igaroko da lehen partea, eta Uxoa pubean, bigarrena. High fidelity 2000. urtean ekoiztutako filmak irekiko du ekitaldia, jatorrizko bertsioa azpitituluekin proiektatuko dute eta aurkezpena eta eztabaidarako tartea egongo da. Musika denda bateko saltzaile baten maitasun porroten eta haren bizitzaren errepasoa egiten du ikus-entzunezkoak, 1990eko hamarkadako musikaren bidez. «Filmaren soinu banda oso ona eta luzea da, benetan garrantzitsua pelikulan zehar», azaldu du Ernesto Toledo antolatzaileak.
Spike Jonze, Michel Gondry eta Chris Cunningham zuzendarien bideoklip maratoiak osatuko du arratsaldeko eskaintza. «Bideoklipak ekoizten zituzten garaiko hirukote ezagunena zen lan bereziki emankorra egin zutelako», adierazi du Toledok. Hortaz, horietako bakoitzaren dozena bat ikus-entzunezko ikusi ahal izango dira auditoriumeko pantaila handian.
Gaualdean bestelako kutsua hartuko du jaialdiak. Disko jartzaileen txanda iritsiko da eta Amuako kideak ariko dira alehenbizi dantzagunea girotzen. Noski, 1990. hamarkadak emandako hit nagusien erritmoan mugitzeko aukera eskainiko dute antolatzaileek. Azkenik, Hondarribiko Dj Erimayak house musika doinuak entzungai jarriko ditu biniloen bidez.
Bideokliparen eztanda
1980. hamarkadako, Elvis Presleyren, eta rumbaren festibalen ondotik, 1990eko hamarkadari heltzea erabaki dute Amuako kideek. Toledorentzat, bideokliparen sorrerak eta hedapenak ezberdintzen du hamarkada hura. Are gehiago, zenbait muga sozial hausten ere lagundu zuen bideoklipak, «afroamerikar musikari dagokionez gehienbat». Izan ere, alde batetik afroamerikar musika zegoela, eta bestetik, txuriena dio Toledok. «MTV katea hasierako hedapenean oso baikor agertu ez zen arren, azkenean, musika mundu osora zabaltzen lagundu zuen», iritzi dio, «gizarte mugarri bat izan zen, berdintasunaren bidean zenbait muga hausten lagundu zuen».
Era berean, musika estilo bakoitzak bere modak bizi zituen arren, ikus-entzunezkoen hedapenak joera horiek mundu osora zabaltzen, eta fan fenomenoa deritzona sortzen lagungarri suertatu zen. Bideokliparen ondorioz emandako aldaketak baliatuta saio berezi bat antolatuko dutela iragarri du Toledok, nahiz eta ezin izan duen ezer aurreratu.
Indar bereziarekin dator aurten Amua, eta aurrerapenik ezin egin arren, denera bost jaialdi edo hitzordu aurreikusi dituzte. Gainontzekoak, orain arte bezala jarraituko duela berretsi du antolatzaileak, «helburu pedagogiko eta analitikoarekin, ez soilik entrenigarria. Publiko orori zuzenduta, ikuspuntu ireki batetik, eta debalde».