«Bakoitza bere adierazpenekin eroso sentitu dadin» zuzenketa egin du Guztion Alardeak
'Eragile guztiek, esplizituki edo inplizituki, onartu dute denboraren poderioz emakumeek soldadu gisa desfilatuko dutela azkenean' adierazpena baztertzea erabaki du taldeak.
Hilaren 3an Guztion Alardea taldeak jendaurrean egindako agerraldian egindako adierazpen zehatz batek hautsak harrotu ditu tradizioaren aldeko taldeen artean. Eragile guztiek, esplizituki edo inplizituki, onartu dute denboraren poderioz emakumeek soldadu gisa desfilatuko dutela azkenean, baieztatu zuten gazteek oholtza gainean egun horretan. «Zinez esan nahi dugu, beraien hitzengatik, haiek hala onartzen zutela argi genuela», adierazi dute gazteek, baina ikusita «ez dutela adierazpen horrekin bat egiten», hori baztertzea erabaki du taldeak «bakoitza bere adierazpenekin eroso sentitu dadin». Tankera honetako gaizki ulertuak ekidite aldera eta «gardentasun osoz lan egiteko akta edota ondorio adostu batzuen baitan jardutea» iritzi dio taldeak egokien.
Konponbidearen aldeko mugimenduak bestalde, haien aurka egindako zenbait adierazpen gezurtatu nahi izan ditu medioetara bidalitako oharrean, hala nola: «Publizitate baliabide zein baliabide ekonomiko nahiko ditugula hiritarrak banatu eta ondoeza sortzeko» edota «Gipuzkoako Foru Aldundiak bidalitako bitartekariaren planaren menpe gaudela». Adierazpen horiek «mingarritzat» jo ditu taldeak, euren «poltsikoetatik» ordainduak izan baitira orain arte egindako ekitaldi guztiak, baita euren «irudimenetik sortuak» ere.
Azkenik, Alarde Fundazioak dezepzio hitza erabili izana Guztion Alardearen inguruan aritzeko hizpide izan du taldeak, «noizbait gurekiko ilusioa adierazi balu bezala». Hori dela eta, Alarde Fundazioa kudeatzen dutenen «alboan» egongo direla oroitarazi dute, «konponbidera eramango gaituen ibilbidea egiteko».
Ondoko dokumentuan oharra bere osotasunean irakur daiteke: Guztion Alardearen oharra.