2019an, 32.000 bisitaritik gora Oiasso Erromatar Museoan
Oiasso Erromatar Museoak inoizko bisitari kopuru altuena izan du 2019an. Bereziki, bisita gidatuek izan dute arrakasta gehien.
Oparoa izan da 2019a Oiasso Erromatar Museoarentzat. Orotara, antolatu dituzten ekintza eta erakusketetara 32.021 bisitari joan dira, 2018an baino 2.811 gehiago (ia %10eko igoera). Zabaldu zutenetik, izan duen bisita kopururik altuena da.
Igoeraren oinarria da bisita gidatuen eskaintza handitu egin dela (400 inguru izan dira), eta erakusketa iraunkor eta aldi baterakoen kopuruak ere gora egin duela. Bisita gidatuen arloan, nabarmentzekoa da Ama Xantaleneko nekropolira (3.000 partaide) eta Irugurutzetako meategietara (3.500 bisitari) egindakoak.
Bestalde, Dies Oiassonisen edo FICABen izandako bisitariak nabarmentzekoak direla azaldu du Irungo Udalak. Gainera, museoa egoitza izan duten hitzaldiek edo egin dituen txangoek ere harrera oso ona izan dute. Musika Museoan egitasmoaren barruko kontzertuek ere onespena izan dute.
Museoko arduradunek oroitarazi dute hilaren 12ra arte dagoela jarrita bertan Indiana Jones. Altxor galduen bila izeneko erakusketa. Asteartetik igandera 10:00etatik 14:00etara bisita daiteke, eta ostiral eta larunbatetan bakarrik 16:00etatik 19:00etara.