Zaldunbordako egitasmoa, bertan behera
Txomin Sagarzazu alkateak esan duenez, enpresa sustatzaileak ez ditu bete Zaldunborda Gaina eremurako Plan Partzialaren gabezien zuzenketak.
Hondarribiko Udalak eraginik gabe utzi du Zaldunborda Gainako Plan Partzialaren hasierako onespena. Ekainaren 26ko 1134 Alkatetzako Dekretua da indargabe gelditu dena. Ukoaren arrazoia da, Txomin Sagarzazu alkateak esan duenez, enpresa sustatzaileak ez dituela bete Zaldunborda Gaina eremurako Plan Partzialaren gabezien zuzenketak. Udal arkitektuaren kontrako txostena izan da alkateak erabakia hartzeko arrazoia.
Sagarzazuk nabarmendu du, Udal Zerbitzu Teknikoen 431/2019 txosnenaren arabera, aurkeztutako Plan Partzialak ez duela uzten Plan Orokorrak ematen duen «eraikigarritasunaren betetze maila ikusten», ezta ere eremuaren antolamendu urbanistikoa nolakoa izango den zehazten.
Alkatearen arabera, bi aukera ireki daitezke orain: «Interesdunek —merkataritza gunearen enpresa sustatzaileak— erresoluzio hau inpugnatzea, edota Plan Partzial berria aurkeztea». Udala arauak bete eta betearazteko dagoela nabarmendu du Sagarzazuk: «Hasiera batetik hori egin dugu Zaldunborda Gainako prozesu honetan, eta gainontzeko espediente administratiboetan bezala, dagokion enpresari hala eskatu egin zitzaion».
Zaldunbordan outlet herrixka erraldoia eraikitzeko asmoarekin jarraitzen badute enpresa sustatzaileek (Higertoki buru dela), Eusko Legebiltzarrak ekainaren 27an onartu zuen Merkataritza Jardueraren Legearen erreformaren araberako neurrikoa izan beharko da. Lege berritu horren arabera, merkataritza gune handi berririk ezingo da ireki herri eta hiri handien inguruetan Euskal Autonomia Erkidegoan. 30.000 biztanletik gorako hirien periferian 2.500 metro koadrotik beherakoak izan beharko dira, eta herri txikiagoetan, are txikiagoak. Higertoki enpresak Zaldunborarako aurkezturiko proiektuak 40.000 metro koadroko azalera eraikia aurreikusten zuen. Orotara, 100.000 metro koadroko azalera zegoen aurreikusia hasierako outlet herrixka erraldoiarentzat. Hau da: Plan Partzial berria onartuko balitz, Eusko Legebiltzarrak merkataritza gune handiei ezarritako betebeharrak bete egin beharko lirateke. Kasu honetan, gutxienez, proiektua txikitu egin beharko lukete.