Euskal preso eta iheslarien aldeko kantaldia, Olentzero eta guzti
Urtero bezala, hilaren 24rako euskal presoen eta iheslarien aldeko kantaldia antolatu du Hondarribia Elkartasuna taldeak. Egun osoz ariko dira.
Aurtengo Gabonetan ere euskal preso eta iheslariak gogoan izango dituzte hondarribiarrek. Beste urte batez, Hondarribia Elkartasuna taldearen egitasmoz, herritarrak Olentzerorekin batera kantatzera aterako dira kalera, hilaren 24an zehazki. Ohiturekin jarraituz, Urko Labeaga bizilaguna eta beste euskal preso eta iheslariak gogoratuko dituzte.
Egun osoko bira egingo dute: 11:45an Muaran bilduko dira, eta bertatik Anttoniren etxera joango dira salda hartu eta lehen abestiak kantatzera. Ondoren, San Pedro kalera bideratuko dira, bertsolari batzuekin batera. Arratsaldean berriz, Olagarro abesbatzaren hutsunea betetzeko, berriz ere Olentzero eta bere lagunak kantari ariko dira (Hertzainak taldearen 564 abestia kantatuko dute).
Hilaren 24ko ekintzak antolatzeko bilera irekia egingo dute asteazkenean (hilak 18), 18:00etan, Muaran.