Etzi hasiko da 25. Euskal Liburu eta Disko Azoka
Igandera bitartean zabalduko dute Arrantzale Auzoan kokatutako azoka; Durangon aurkeztutako berritasun eta eskaintza nagusiak bilduko ditu kultur guneak.
Bertan da Hondarribiko 25. Liburu eta Disko Azoka. Etzi, ostegunarekin, hasi eta igandera bitartean luzatuko da jaialdia. Durangoko Azokan aurkeztutako berritasunak eta bildutako eskaintza nagusiak ezagutzera emango ditu euskal kulturara dedikatutako guneak. Euskadiko Liburu Azoken Batzordeak eta Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuak elkarlanean antolatuta, Neguko Jardunaldien barruan kokatuta dago hitzordua.
Bisitariek topatuko dituzten idazleen artean daude, besteak beste: Toti Martinez de Lezea, Dolores Redondo, Karmele Jaio, Jasone Osoro, Katixa Agirre, Bernardo Atxaga… Eta diskoei dagokienez, Xabi Solano, Berri Txarrak, Maider Zabalegi, Mikel Urdangarin…
Azokaren ordutegia 11:00etatik 14:00etara izango da goizean, eta 16:30etik 20:30era arratsaldean. Erosketa guztiak %10eko beherapena izango dutela ere jakinarazi du udalak. Gabonetako Azokarekin bat egingo du Liburu eta Disko Azokak, eta beraz, jende andana gerturatzea aurreikusi dute antolatzaileek.