Gabonetako Azoka Santa Maria Madalena plazara eramango dute aurten
20 saltokik parte hartuko dute hilaren 14ean eta 15ean egingo den merkatuan; hori osatzeko hamaika jarduera eta ekitaldi aurreikusi ditu udalak.
Arrantzale auzoa jendez gainezka egongo da datorren asteburuan. Hondarribiko Udaleko Maria Serrano Merkataritza zinegotziak hainbat saltokietako ordezkariekin batera Gabonetako Azoka aurkeztu dute gaur goizean, Santa Maria Madalena plazan egindako agerraldian. Hondarribian erostea opari bat da!!! leopean, hilaren 14ean eta 15ean Gabonei begira antolatutako merkatuaren berri eman dute. Baina ez hori bakarrik, Gabonetako bola erraldoi batekin girotuko dute merkatua eta Liburu eta Disko Azokak osatuko du eskaintza.
Itsas Etxetik Santa Maria Madalena plazara lekualdatuko dutela azoka da berrikuntza nagusia Serranoren hitzetan: «Udako merkatua oso arrakastatsua izan zen, bai salmenten aldetik bai harreragatik ere, eta horregatik erabaki dugu Itsas Etxetik kalera ateratzea». Hori horrela, hogei bat saltokientzako karpa bat muntatuko dutela esplikatu du hautetsiak, «saltzaileak eta publikoa babestu aldera jarriko dugu karpa, eta barruan, berogailuak eta Gabonetako dekorazioa egongo da».
Txikiei eta helduei zuzendutako tailerrak egingo dituzte karpa barruan, baita showcooking bat ere Tatapas Gastrotekako Adur Arrieta sukaldariaren eskutik. Parte hartzen duten saltokien artean daude, besteak beste: AG Caligrafia, Ipotx, Arte Sucre, Kutixi, Lamiarri, Axalian, Maddi Sormena8, Bale Urdina, Guauxua, Xera Estetika…
Bola erraldoia, liburuak eta diskoak
Aurkezpenean azaldutakoaren arabera, bola erraldoi bat ere jarriko dute San Pedro kalean. Barrura sartzeko aukera emango du bolak, eta Gabonetako dekorazioarekin apainduta egongo da barrenean. Hala, testuingurua pixka bat girotzeko baliatzeaz gain, argazkiak ateratzeko aukera izango dute herritarrek.
Aipatutako guztia gutxi balitz, Hondarribiko Liburu eta Disko Azokarekin ere bat egingo du Gabonetako merkatuak. Hortaz, erosketak egin behar dituztenek edozein motatako opariak eskuratzeko aukera izango dute datorren asteburuan Arrantzale auzoan barrena, tartean, osagarriak, arropa, edo kultura.
Egitaraua:
- ‘Showcooking’: Adur Arrieta Tatapas Gastrotekako sukaldariak erakustaldia eskainiko du larunbatean, 12:00etan.
- Magia kalean: Larunbatean, 17:30ean.
- Norbera makillatzeko tailerra: Helduei zuzendutako tailerra emango du Kutixik larunbatean, 18:00etan.
- Haurren eskulan tailerra: SantaMariaMadalenaren eskutik igandean, 12:00etan.
- Turbanteak jartzen ikasteko tailerra: Maddi Sormena8k emango du igandean, 17:00etan.