«Hiri arimarik» gabeko aurrekontuak direla iritzi dio PSE-EEk
Talde sozialistak 2020. urteko aurrekontuen gaineko balorazioa eman du, eta «arimarik gabekoak» izateaz gain, «kontinuistak» ere direla argudiatu du.
Hondarribiko PSE-EEren txanda iritsi da orain. 2020. urteko aurrekontuen gaineko ez ohiko bilkura egin zuen Hondarribiko Udalbatzak iragan astean, eta horren gaineko balorazioa eskaini nahi izan du Iosu Alvarez bozeramaile duen taldeak. Aurrekontuek «hiri arimarik» ez dutela kritikatu dute sozialistek, eta «kontinuistak» izatea leporatu diote EAJren udal gobernuari. Taldeak abstentziora jo zuela gogoratu dute.
Azaldutakoaren arabera, aurkeztutako zenbait diru partida iragan ekitaldietako aurrekontuetatik datoz. «Nahiz eta onartuak egon ez dira gauzatu, antolaketa arazoengatik eta batez ere, udal langile faltarengatik», adierazi du udal taldeak.
Hori horrela, 124.000 euroko osoko balioa dute onartutako emendakinek. Ondoren zerrenda irakur daiteke:
- Familiei zuzendutako diru-laguntzak: aurrekontuan aurreikusitako 30.000 euro gehiago.
- Gune beltzen mapa osatzea 12:000 euro.
- Udal wifi librea eremu publikoetan: 12.000 euro.
- Kostan etxebizitzak eraberritzeko plan bereziaren esleipena: 12.000 euro.
- Guadalupeko gotorlekuaren memoria: 12.000 euro.
- Hondarribiko tokien memoria gida: 10.000 euro.
- Qualified geo developers edo geogarapen kualifikatua: 12.000 euro.
- Gurutze Gorriari laguntza: 4.000 euro.
- Herriko adinekoen azterketa eta diagnosia: 20.000 euro.
Aipatutakoaz gain, kreditu aldaketa iristen denerako zenbait partida negoziatu ditu udal talde sozialistak tokiko gobernuarekin: kultur txekeak, eskola materialerako laguntzak, eta Alokabidetik kanpo alokairura bideratutako diru laguntzak, hain zuzen.