Maite Eizmendi yoga irakasleak bigarren diskoa aurkeztuko du Durangoko azokan
'Orainean naiz' izenburupean argitara emandakolana eramango du liburu eta disko azokara Eizmendik, «yogaren mundu euskaratzen joateko bultzada bat da».
Hondarribian egokitutako Maite Eizmendi yoga irakasleak bere bigarren lanaren aurkezpena egingo du Durangoko Liburu eta Disko Azokaren 54. ekitaldian. Orainean naiz izenpeko audio gida jendaurrean ezagutzera emango du Ikaztegietakoak (Gipuzkoa) eta helburu nagusi batekin ekin ziola lan mota hauei esplikatu du: «Yogaren mundua euskalduntzen joateko bultzada bat da».
Norberak bere kabuz yoga egiteko gida da Eizmendiren lana, «etxean edo nahi dugun lekuan, nahi dugun orduan, gure kabuz saio gehiago egiteko» baliagarria. Yoga saioa Eizmendiren lehen lanaren osagarria da bigarrena, eta aurrekoa «zuzena eta adornurik gabekoa» bada ere, «poesiara» gerturatzen da azkena. Izan ere, «beste era bateko lana egiteko nahia» piztu zitzaiola onartu du eta desio horren ondorioz, ekin zion lan berriaren grabaketari.
Hori horrela, etzi, ostiralarekin, egingo du audio gidaren aurkezpena Durangoko Azokaren areto nagusian, 12:30ean. Bi lanak autoekoizleen plazan egongo dira salgai, 12 euroan.