Dena prest aurtengo Gabonetarako
Egitarauaren berri eman dute gaur goizean Mari Serrano eta Juan Luis Silanes zinegotziek, eta aurten, herrian bertan gozatzeaz gain, adin guztiei zuzendutako proposamena prestatu dutela adierazi dute.
Hondarribiko Udaleko Merkataritza, Kultura eta Euskara departamentuetako zinegotzi Maria Serranok eta Juan Luis Silanesek Gabonetako egitarauaren nondik norakoak azaldu dituzte Itsas Etxean egindako agerraldian. Herrian bertan ondo pasatzeko egitaraua antolatzen saiatu direla nabarmendu du Silanesek. Hala, «era guztietako ekitaldiak» prestatu dituztela azaldu du, garai honetan zehar «herria oso bizi» egon dadin.
Merkataritza eta aisialdia lotu dituztela proposamena osatzeko adierazi du Serranokz, eta horretarako Gabonetako jarduerak «indartzea» ezinbestekoa izan dela ohartarazi du. Hartara, gazte eta helduei zuzendutako saioak prestatu ditu udalak, tartean, besteak beste: Gabonetako azoka, musika, zinea, antzerkia, dantza, euskal liburu eta disko azoka, San Tomas eguna, Olentzeroarekin lotutako Gabon Kanta jaialdia…
Lehen mokadutxoa
Kukai Dantza Konpainiak Hondarribian abenduaren 1ean, igandearekin, estreinatutako Gauekoak ikuskizunak hasiera eman zion hil honen programazio bereziari. Aurrera begiratuta ordea, Gabonetako videomapping-a antolatu du lehen aldiz udalak Hondarribian, larunbaterako. Olentzerorekin eta iratxoen etxearekin lotuta egongo dela aurreratu du Serranok, eta Palacete hotelaren horman proiektatuko dutela zehaztu du. «Gabonetako istorio bat proiektatuko dugu, eta bai txikientzat zein helduentzat ere polita eta berezia izango dela uste dugu», gaineratu du. 20:30ean hasiko da eta ordu erdiko tartearekin lau saio egingo dituzte denera.
Silanesek bere aldetik, La trinchera infinita film luzea eta El violinista rebelde hizpide izan ditu. Lehenak gaur bertan Goya sarietarako hamabost hautagaitza jaso dituela nabarmendu du, eta bigarrenak, Strad taldearen emanaldia eskaintzeko gonbita jaso zutenean oso interesgarria iruditu zitzaiela onartu du.
Ondoren ikus daiteke Gabonei begira prestatutako ekitaldi nagusienak puntuz puntu:
- Hilak 7: Gabonetako videomapping Gipuzkoa plazan, 20:30ean.
- Hilak 14: Strad taldearen El voilinista rebelde Itsas Etxea Auditoriumean, 18:00etan.
- Hilak 14-15: Gabonetako azoka Santiago kalean 11:00etatik 20:00etara.
- Hilak 15: Gabonetako Xake Jaialdia Jostaldi pilotalekuan, 10:30etik 14:30era.
- Hilak 15: Hondarribia Hiria Musika Bandaren Gabonetako kontzertua Itsas Etxea Auditoriumean, 12:30ean.
- Hilak 17: XII. Gospel zikloa Mendelun, 20:00etan.
- Hilak 18: XII. Gospel zikloa Amuten, 20:00etan.
- Hilak 20: Gabon kantak Hondarribiko Musika Eskolako ikasleen eskutik Eroski Centerren, 18:00etan.
- Hilak 21: San Tomas feria San Pedro kalean, egun osoz.
- Hilak 22: Pilar Peña dantza eskolako ikasleen emanaldia San Pedro kalean, 12:00etan.
- Hilak 22: Txistu, piano eta soprano kontzertua Kultur Etxean, 18:00etan.
- Hilak 22: Eskifaiaren Gabonetako kontzertua Portuko elizan, 19:00etan.
- Hilak 23: Olentzerok gutunak jasoko ditu herrian barrena, 18:00etan abiatuta.
- Hilak 24: Haur Olentzero jaialdia Santiago kalean, 11:30ean.
- Hilak 24: Haurren gabon kanta jaialdia Gipuzkoa plazan, 17:15ean.
- Hilak 24: Helduen gabon kanta eta Olentzero jaialdia Gipuzkoa plazan, 17:45ean.
- Hilak 27: XII. Gospel Zikloa The upper room Elvis Presleyen gospel emanaldia Kultur Etxean, 20:00etan.
- Hilak 28: Jaiotza biziduna Gernikako Arbolan, 19:00etan.
- Hilak 31: San Silbestre solidarioa lasterketa herrian zehar, 16:00etan abiatuta.