«Emakumeek estigmatizazio bikoitza bizi dute»
Jokoaren desoreka duten emakumeek estigmatizazio bikoitza bizi dutela dio Beatriz Alonso Castro Ekintza Bizi Berria Elkarteko psikologoak.
Alde handiarekin, gizonak dira batez ere jokoarekin arazoa dutenak, edo zuengana laguntza eske hurbiltzen direnak. Hala ere, emakumeen %10ak du jokoaren desoreka. Zer suposatzen du horrek?
Alde askorekin gizonak dira gehiengo, baina emakumeak ere badaude. Emakumeei, gainera, kosta egiten zaie hurbiltzea errekurtsoetara laguntza eske; beldur dira jokoarekin arazoak izateagatik haurren zaintza kenduko ote dieten ama direnen kasuan. Gizonek ez dute halakorik aipatzen inoiz, seme-alabak badituzte ere. Ama diren emakumeen kasuan, berriz, izugarria da haurrak galtzeko duten beldurra. Kezka nagusia guregana jotzen dutenean hori da.
Txikiagoa da jokalari patologikoak emakumeak direnean jasotzen duten babesa?
Bai hala da, zalantzarik gabe. Lanean hasi ginenean, adin batetik gorako gizonak etortzen ziren, batez ere emazteak edo bikotekideak lagunduta. Gaur egun, adina jaitsi denez, gurasoak lagunduta heltzen dira asko eta asko. Emakumeen kasuan bikotekideak edo gurasoek ateraino lagundu, eta badoaz; ez dira beraiekin sartzen normalean, eta hori izugarria da, babes bera merezi eta behar dutelako. Gizon bat etortzen denean, arrebak, alabak, bikotekideak lagunduta egiten du.
Ez da hori bakarrik, emakumeek arazo gehiago izaten dituzte terapietara edota taldeetara etortzeko, zaintza lanak guri egozten zaizkigu eta askotan zaintza hori egin behar dute, seme-alabena, gurasoena… Gizonak ere badira gurasoak eta semeak, baina beraiek ez dute arazo hori izaten.
Gehiago kostatzen zaie emakumeei laguntza eskatzea?
Ez dakit hala den, beldur gehiagorekin datoz lehen esan dudan arrazoiarengatik. Emakumeek estigmatizazio bikoitza sufritzen dute. Jendeak emakume bat ikusten duenean jokoan, makina txanponjale baten aurrean adibidez, pentsatzen du erosketa saskia jokatzen ari dela; gizon bat ikusten dutenean jokoan ez dute hori pentsatzen.
Espazio berezia duzue Ekintza Bizi Berria elkartean emakumeei begira. Zer da zehazki?
Ohartu ginen espazio berezi bat sortu behar genuela emakumeei begira, beraiei bakarrik dagozkien gaiez hitz egiteko, beraien kezkak plazaratzeko. Talde nagusian nahastuta aritzen dira gizon eta emakumeak, adin ezberdinetakoak, baina hamabostean behin emakumeen taldea elkartzen da nirekin.
Espazio horretan autoestimua berreskuratzeko aukera dute, beraien artean esperientziak partekatzekoa, eta ohartzeko amildegi horretatik atera daitezkeela.
Urtebete da hasi ginela esperientzia horrekin eta uste dut emaitza polita ematen ari dela, beharrezkoa dela.