Udal langileen «behin-behinekotasuna %60tik gorakoa» dela salatu du Abotsanitzek
«Legeak %8tik jaistera» behartzen duela gogora ekarri du plataformak, eta udal gobernu taldeari «udal langileez ahaztu izana» leporatu dio.
2020. aurrekontu proiektuan «udal langileez ahaztu izanaz» akusatu du Abotsanitzek udal gobernu taldea, ez baitu datorren urterako kontrataziorik aurreikusi. Hala, udal langileen «behin-behinekotasuna %60tik gorakoa» dela salatu du plataformak, «legeak %8tik jaistera behartzen duen arren».
Langile taldeari bideratutako diru saila %11 igoko dela datorren urtean adierazi du udal taldeak, «baina igoera hori ez da beteko». Udaltzaingoaren kasua aipatu du Abotsanitzek adibide gisa: «Udaltzaingoaren pertsonalari dagokion diru-partidan %12ko igoera aurreikusten du EAJk. Baina ezinezkoa da hori, langile kopurua iazko berbera delako, eta langileetako batzuk, gainera, iaz baino maila baxuagoan kontratatu dituztelako».
Hori horrela, gutxienez hamabost lanpostu bete gabe daudela udalean salatu du herri batzarrak. Are gehiago, egoera honek «ondorio larriak» dakartzala azaldu du taldeak: «Batetik, aurrekontuan onartzen diren proiektuetako asko ez dira gauzatzen. Bestetik, herritarrek ezin dute zerbitzu egokiena jaso. Eta azkenik, langileen lan baldintzak etengabe okertuz doaz».
Noizbehinkako enplegu planekin ere kritiko agertu da Abotsanitz, «behin-behinekotasuna larriagotzen» baitute. Gainera, aurrekontu proiektuan «Enpleguaren sustapena» deritzon diru saila agertzen den arren, gobernu taldeak «0 euro bideratu ditu partida horretara», herri plataformak esan duenez.