Mitoak alboratzeko arraunkada historikoak
Ingura sareen eta traineruen jatorri historikoa hizpide izan zituen atzo Xabier Alberdi adituak. Memoria berreskuratzearen eta Hondarribiko historia argitzearen aldeko ahalegina egin zuten Kultur Etxean bildutakoek.
Gaur egun arraun egiteko erabiltzen diren ontzien sorrera hizpide izan zuen atzo Xabier Alberdik Hondarribiko Kultur Etxean eskainitako Traineruen jatorri historikoa Hondarribian izenpeko hitzaldian. Euskal Herriko kulturarekin estuki lotua dagoen euskal ontzia da trainerua, baita kirolarekin ere. Jatorrizkoak egurrezkoak ziren, sendoak, arrantzarako diseinatuak; oraingoak, aldiz, material sintetikoarekin eginak dira, arinak, estropadetarako prestatuak. Non eta nola sortu ziren, ordea, ontzi horiek?
Eskainitako solasaldiaren helburu orokorra hondarribiarrak jakinaren gainean jartzea izan dela azaldu du Alberdik. Euskal Itsas Museoaren zuzendaria da, eta kontrolpean ditu gai honen gaineko gorabeherak: «Askotan entzun izan dugu Erdi Arotik datorren itsasontzi bat dela, nik bikingoetatik datorren barku bat dela ere irakurria dut. Benetan ontzi hori XVIII. mendean sortu zen, jatorriz, Hondarribian».
Hala azaltzen hasi da aditua asmakizunaren nondik norakoak. Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia —Caracas Konpainia haren hitzetan— 1728an sortu zenean ondorio ekonomiko positiboak izan zituen arren, eragin negatiboa ere eduki zuen arrantzaren sektorean. «Orduan zeuden marinel gehienak kontratatu zituen konpainiak, aproposenak, abilenak. Itsasgizonen eskulanaren gehiengoa xurgatu zuen», kontatu du Alberdik. Arrantzaren gainbehera sakona eragin zuen horrek, «arrantzan jardungo zirenak, orduz geroztik, konpainiak nahi ez zituenak zirelako».
Gainbeheratik aterabidea
Konpainiak langile trebeenak kontratatu izanak bi ondorio zuzen eragin zituen garaiko arrantza sektorean: batetik, jende gutxi gelditu zen; eta bestetik, gelditu zirenak ez ziren oso abilak. «Hori zen egoera», azaldu du Alberdik, «horretan zeuden, sardinetan eta antxoetan erabiltzen zituzten sareetan garapen teknologikoa iritsi zen arte». Gaurdaino erabiltzen den ingura sare sistema asmatu zuten arrantzale horiek, poltsa baten antzera itxi egiten den sarea.
Hondarribian garatu zuten aurreneko aldiz ingura sare mota hori. Arrain sarden inguruan bota behar zen, eta ahalik eta azkarren itxi. «Arrain sarda sarez inguratu, azpitik itxi eta sarda horiek harrapatu», hori zen gakoa. Hala eta guztiz ere, honek beste garapen teknologiko bat ekarri zuen: sare hori maneiatzeko egokiagoa izango litzatekeen itsasontziaren eboluzioa.
Denborak aurrera egin ahala, sare horiek traña izena hartu zuten, Alberdik esandakoaren arabera, «eta hortik dator, hain zuzen, trainerua hitza». Sare eta ontzi mota hori antxoen eta sardinen arrantzarako garatzen joan ziren pixkanaka, eta beraz, trainerua ez zen balea ehizarako erabilitako barkua. Izan ere, balea harrapaketa arrantzaren gainbeherarekin batera krisian sartu zela dio Alberdik, «gainbeheran zegoen jarduera bat zen, eta azkenean galdu egin zen». XIX. mendean zehar euskal arrantzaleek asko jota sei balea harrapatu ote zituzten zalantzan jarri du adituak, «ez ohiko kontua zen balea harrapaketa».
Arrantzarako ontzi berezia
1901. urtean ehizatu zuten Orioko arrantzaleek euskal kostaldeko azken zetazeoa, eta traineruak balea harrapaketarako erabili izanaren mitoa gertakari hartatik eratorri dela iritzi dio museoko zuzendariak. «Kasu horretan bai harrapatu zutela traineruarekin, beste ontzirik ez zutelako-edo», adierazi du, «hortik eratorri da mitoa, baleak traineruarekin harrapatzen zirela. Baleak askoz ere ontzi txikiagoekin ehizatzen zituzten, eta txalupetan izaten zen, bospasei lagunek osatutako tripulazioarekin. Traineru baten erdia da hori».
Sardinak eta antxoak harrapatzeko erabiltzen zen barku berezia zen trainerua. Krisi egoerari aurre egitea lortu zuten trañari zein traineruari esker, eta iraultza ekonomikoa eragin zutela azaldu du Alberdik. Areago, iraultza hori euskal kostaldearen hegoaldeko zein iparraldeko portuetan eragina izateaz gain, Galiziaraino eta Bretainaraino hedatu zen. «Hondarribia erdian egonda oso leku aproposa izan zen asmakizuna hedatzeko», gaineratu du. Arrantzaren urrezko garaia Caracasko Konpainiaren itxierarekin eta Ternuako bakailao ontzien bukaerarekin iritsi zen. Ipar zein hego Euskal Herriko arrantzaleak langabezian geratu ziren horren ondorioz. Marinel kualifikatuak ziren horiek guztiak,eta berriz ere bertako arrantzari heltzea erabaki zuten. Horri esker, pixkanaka, arrantzaren industria garatuz joan zen, tartean, kontserbak edo gazitze prozesuak.
Orain dela 250 urte Hondarribian egindako asmakizuna dago horren guztiaren oinarrian, nahiz eta herritar ugarirentzat ezezaguna izan. «Guk jaso dugun historia kanpotik eraikitako historia da», azaldu du. Arrantza, sareak edo ontziak «ez zitzaizkien gai interesgarriak iruditzen», bai ordea, «XVIII. mendeko kanpaina militarrak». Historia berreskuratzeko ahalegina izan zen atzokoa, memoriaren alde egindako aurrera urratsa.