Hamabost lagun kontratatuko ditu udalak Lanbideren bitartez
Enplegua Sustatzeko Toki Ekintzetarako laguntza deialdiaren babesean burutuko ditu kontratazioak udalak; hondarribiarrak izatea eta langabezian egotea daude bete beharreko baldintzen artean.
Hondarribiko hamabost lagun kontratatuko ditu udalak Lanbidek kaleratutako Enplegua Sustatzeko Toki Ekintzetarako deialdiaren bitartez, Maria Serrano Hiritarren Arretarako zinegotziak jakitera eman duenez. Hondarribikoak izateaz gain, langabezian egon beharko dira lan eskaintzetan izena eman ahal izateko, baina horrez gain, beste hainbat irizpide ere aplikatzen dituela Lanbidek azaldu du hautetsiak, hala nola: genero oreka, adina, aurretik deialdian parte hartu ez izana…
Alor ezberdinetako langileak dira udalak eta Lanbidek bilatutakoak, esaterako: merkataritza sektorerako dinamizatzaile bat; udal brigadako elektrikari bat eta bi peoi; itsasertzeko eta ibaiertzetako garbiketarako bi teknikari, bi koordinatzaile eta bost langile; eta amaitzeko, beste lau agente zibiko. Sei hilabeterako kontratuak izango dira denak gutxi gorabehera.
Kontratazio mota hauen bitartez langabezian dauden pertsonen egoera arintzen saiatzeaz gain, horiek «lan merkatuan sar daitezen aktibatzen laguntzea» da helburua, Serranok azaldu duenez. «Errutina bat hartzea eta ardura batzuk izatea» horretan lagungarria dela-eta egiten dituzte tankera honetako kontratazioak.
Baldintzak eta lan eskaintzak ezagutzeko interesa duten herritarrek Lanbideren webgunera jo dezakete, nahiz eta momentuz, gaztelera hutsez argitaratu dituzten eskaintzak. Aste batez zabalik egongo da izen-emate epea eta urtea amaitu aurretik egingo dituzte kontratazioak.