Indarkeria matxistaren aurkako adierazpen instituzionala onartu du udalak
Prebentzioa, hautematea, arreta, babesa, koordinazioa eta justizia esparruetan esku hartzea nabarmentzen ditu Hondarribiko Udalak bere osotasunean aurrera ateratako idatziak.
Azaroaren 25ean izango den Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren harira, Hondarribiko Udalak bere osotasunean adierazpen instituzionala onartu du. Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko «konpromisoa» aipatzen du testuak eta zenbait esparrutan esku hartzeko beharra nabarmentzen du: prebentzioa, hautematea, arreta, babesa, koordinazioa eta justizia.
Tokiko gobernuek duten erantzukizuna ere ohartarazten du idatziak, eta erasoa pairatu duten emakumeei «arreta eskaintzeko alorrean aitortuta dugun erantzukizuna eta eskumena gure gain hartzen dugu, gure herri eta hirietan indarkeria matxista jasaten duten emakumeengandik hurbilen gauden erakundeak garelako».
«Udaletako berdintasun-teknikarien lana oinarrizkoa eta balio handikoa da», ere dio testuak, nahiz eta momentura arte Hondarribiak ez duen horretaz arduratzen den udal langile espezializaturik. Are gehiago, hilaren 14ean egindako ogasun batzordean EH Bilduk eta Abotsanitzek berdintasun teknikaria kontratatzeko proposamena atzera bota zuen udal gobernuak.
Hori horrela, indarkeria matxistaren «modu guztiak desagerrarazten laguntzeko» zenbait konpromiso zehazten ditu adierazpenak, hala nola:
-
Biktimen eskubideak arreta prozesu osoaren erdigunean jarrita, euren beharrizan eta eskariei entzunez eta arreta emanez.
-
Langile espezializatu eta kualifikatuak edukitzea Hondarribian, erreparazioaren ikusmoldetik, ikuspegi feministarekin.
-
Hondarribiko Berdintasun Plana eginez eta udaleko langileak berdintasun gaietan formatuz.
-
Erreparaziorako eta ahalduntzeko esku-hartze prozesu guztietan, kudeaketa eta azkartasuna bermatzeko lan eginez.
-
Tartean sartutako erakunde guztiekin koordinatuz, arreta eta erreparaziorako baliabideak egituratzeko, indarkeria matxistaren biktimen egoera erabat lehengoratuko dela eta urratutako eskubideak berrezarriko direla bermatzeko.
-
Talde feministekin, bereziki Hondarribikoekin, eta tokiko emakumeen elkarteekin modu estuan lankidetzan arituta, berdintasun-politikak eta ekintzak diseinatzeko, biktimei eta bizirik atera diren pertsonei arreta eta erreparazioari dagokionez.
-
Era berean, udalerri guztietan A25 dela-eta antolatuko diren salaketa eta aldarrikapen ekintzetan modu aktiboan parte hartzera deitzen du udalak.
Testua osotasunean irakurtzeko: Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren adierazpen instituzionala.