Fernando Belzuncek irabazi du 'Ibai izena duen eskualdea' margo lehiaketa
Fernando Belzunce Estonbak 'Askaingo tunelak' izeneko obrarekin irabazi du lehiaketaren laugarren edizioa. Baldintzak bete dituzten bost lan aurkeztu dira.
Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak antolatzen duen Ibai izena duen eskualdea margo lehiaketak badu irabazlea: Fernando Belzunce Estonbak irabazi du lehiaketaren laugarren ekitaldia, Askaingo tunelak obrarekin. 500 euroko saria irabazi du. Tunel horiek Meazuriko meatzaritza gune zaharrean daude, Irungo Irugurutzetako labeetara mineral bagonetak bideratzen zituzten lekuan.
Miguel Angel Paezek, Juan Luis Silanesek eta Richard Irazustak, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeko ordezkariek eman diote saria irabazleari.
Lehiaketaren berezitasuna da aurkeztutako lan guztiek Bidasoa-Txingudiko mugaz gaindiko eskualdean historiaren eta naturaren arteko topaketa izan behar dutela nahitaezko erreferentzia. Lehiakideek eraikin edo elementu historiko bat irudikatu behar dute beren ingurune naturalean, Irun, Hondarribia eta Hendaia hiriek osatutako lurraldean.
Bost izan dira aurten eskatutako ezaugarriak dituen obra bat aurkeztu duten pertsonak. Sara Otañok Hondarribitik, Alicia Cebrianek Irundik eta Bruno Aguerrek Hendaiatik osatutako epaimahaia arduratu da koadro irabazlea aukeratzeaz.