Irungo Musika Eskolan ere Iñigo Muguruza omenduko dute
Iñigo Muguruza gogoan izango dute ostegunean Irungo Musika Eskolan. 25 urtez bertako irakasle izan zen, gitarra elektriko eskolak ematen lehena.
Iñigo Muguruza omenduko dute ostegun honetan Irungo Udal Musika Kontserbatorio eta Musika Eskolan. 19:30ean hasiko da ekitaldia, musika oinarri duela. Eskolako auditorioan da. Musika hezkuntza zentroko irakasle izan zen irundarra 25 urtez; bertako gitarra elektrikoko lehen irakasle izan zen. Uztailaren 5ean hil zen.
Santa Zezilia musikarien zaindariaren testuinguruan egingo dute omenaldia. Musika Eskolatik iragarri dutenez, Kontserbatorioko Orkestrak Bach eta Mozarten piezak joko ditu. Baina Muguruzaren omenezko “musika sorpresa” izango dela iragarri dute.
Ekitaldian izango direnen artean, Irungo Udalak jakinarazi duenez, Jose Antonio Santano alkatea eta Rebeca Gonzalez Hezkuntza ordezkaria daude, baita Muguruzaren lagun eta senideak ere. Aldi berean, jarduera bitartean, Maitena Paillet musikari gazteari diploma emango diote: asteburu honetan musika eskolen arteko Melomano lehiaketako erkidegoko sari nagusia irabazi du biolin jotzaileak; abenduaren 8an du Espainiako Estatuko finala, Alacanten.