Hasi dira Tadeo Murgia eta Peio Bixente kaleak hobetzeko lanak
Tadeo Murgia kalean jada hasi dituzte lanak. Ondoren Peio Bixentekoak iritsiko dira; azken honetako lanak handiagoak dira, kale osoa berritu behar dutelako.
Irungo Tadeo Murgia eta Peio Bixente kaleak eraberritzeko lanak abian dira. Tadeo Murgiatik hasi dira: alde batean hasi dituzte lanak, bestea duela urte batzuk berritu zutelako. Cristina Laborda Hiri Lan ordezkariak zehaztu du oinezkoen mugikortasuna hobetzea dutela helburu lanek, “espaloiak zabalduz eta oinezkoentzako pasabideen irisgarritasuna bermatuz”. Aldi berean, bestelako azpiegiturak hobetuko dituzte, argiteriarena, ur edangarriarena, eta saneamenduarena.
Tadeo Murgiako lanen ondoren, Peio Bixentekoak iritsiko dira: hango lanak sakonagoak izango dira, bi aldeetako espaloiak berrituko direlako, bestelako azpiegiturez gain.
Jaizubia Obras enpresa ari da lanotan. 333.069 euroko aurrekontua dute bost hilabetean lanekin bukatzeko.