«Berebiziko interesa» duten proiektuak batzordean lantzea galdegin du PSE-EEk
Zaldunbordako eta Gabarrariko beilatokiaren proiektuak dira taldeak zehaztutakoak; horien inguruko edozein erabaki hartu aurretik hirigintza batzordera eramatea eskatu dio udal taldeak alkateari.
«Herritarrentzako berebiziko interesa» duten proiektuen inguruko erabakirik hartu aurretik dagokien batzordean lantzea galdegin dio gaur Hondarribiko PSE-EEren Udal Taldeak Txomin Sagarzazu alkateari. Komunikabideetara bidalitako oharrean zehaztutakoaren arabera, Zaldunbordako outlet erraldoiaren eta Gabarrariko beilatokiaren proiektuak dira PSE-EEk hizpide dituenak, eta horiek hirigintza batzordean jorratzea da udal gobernu taldeari helarazitako eskaria.
«Erabakiak batzordean landuz gero, informazioa aldez aurretik edukitzea» ahalbidetuko lieke udal talde guztiei, «dekretuak argitara eman arte itxoin gabe». Talde sozialistak gaineratu duenez, «gardentasuna, eztabaida eta herritarren parte hartzea» sustatzeko neurria izateaz gain, «egoeraren berri izateko eta zalantzak argitzeko» baliagarria izango litzateke, «oposizioko udal taldeei, zein herritarrei».