Isiltasuna nagusituko da bihar Itsas Etxean
'Mutu' izenpeko dantzaldia taularatuko du Myriam Perez Cazabon konpainiak, pertsonen arteko harremanak eta isolamendu indibiduala uztartzen dituen lana.
Mutu dantza garaikide ikuskizuna eskainiko du bihar Myriam Perez Cazabon konpainiak Itsas Etxea Auditoriumean. Isiltasuna ardatz hartuta, pertsonen arteko harremanek isolamendu indibidualarekin bukatzeko duten ahalmena landuko du emanaldiak.
Iraupen luzeko dantzaldia da Mutu, pieza eszeniko bakarrean hiru dantzarien artean interpretatua. Hala ere, hiru komunikazio atal taularatzeko saiakera da, «non isiltasunak hitzaren esanahi osoa duen eta pertsonen arteko hartu-eman emozionala eta ulermena keinu txikienen bidez, eta batez ere, begiraden bitartez, gorpuzten den».
Ildo horretan, gaur egungo «gizartearen irudia» da lana Myriam Perez zuzendariaren aburuz, non giza baloreak gainbeheran doaz, eta eta giza harremanen usteltzearen isla den. Horrenbestez, «zenbateraino dira egiazkoak azaleratzen ditugun adierazpenak?», galdetzen dio sortzaileak bere buruari.
Hitzordua biharko finkatu du konpainiak Itsas Etxea Auditoriumean, 20:00etan hasita. Sarrerak hiru euroan daude salgai.
Fitxa teknikoa
- Konpainia: Myriam Perez Cazabon
- Modalitatea: Dantza garaikidea
- Iraupena: 45 minutu.
- Ideia, zuzendaritza, koreografia: Myriam Perez Cazabon.
- Dantzariak:
- Leire Otamendi.
- Iker Arrue / Eneko Gil / Beñat Urretabizkaia.
- Myriam Perez Cazabon.
- Musika: Maite Arroitajauregi (Mursego).
Sortzailea
Myriam Perez Cazabon Oiartzunen jaiotako, eta Irunen aspaldi egokitutako dantzaria, zuzendaria eta koreografoa da. 2016. urtean bere konpainia propioa sortu zuenetik hainbat ikuskizun taularatu ditu artistak, besteak beste: Hutsunea (2017), Nere azalean arrotz (2017), Mutu (2018) eta Iceberg (2019).
Euskadiko Antzoki Sareak gomendatutako pieza da Nere azalean arrotz eta Miarritzeko (Lapurdi) Begirada Gurutzatuak jaialdiaren 2020. ekitaldirako hautatutako lana da Mutu.