EAJ garaile Hondarribian
Ia 300 boto galdu arren, berriz ere gailendu dira jeltzaleak; EH Bildu izan da bigarren indarra, eta Elkarrekin Podemos, hirugarrena.
Sei hilabete eta zertxobait igaro ondoren, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin dituzte gaur berriz ere. Eskrutinioa bukatuta, EAJ gailendu da Hondarribian (3.797) apirileko hauteskundeekin alderatuta ia 300 boto galdu dituen arren (4.022). EH Bildu izan da bigarren (1.553), boto gutxi batzuk irabazita (1.511), eta Elkarrekin Podemos hirugarren (1.516), ia 300 boto galduta (1.802). Elkarrekin Podemos bigarren indar gisa sartu zen Hondarribian iragan Espainiako hauteskundeetan.
PSE-EEk ere zenbait boto galdu ditu oraingo bozetan (1.237 vs. 1.381) eta laugarren kokatu da, eta PPren kasuan, boto batzuk irabaztea lortu du (514-454). Voxi dagokionez, 176tik 185era igotzea lortu du, eta Ciudadanos ordea, jaitsiera nabarmena izan du 264tik 70era. Azkenik, animalien eskubideen aldeko PACMA alderdia berdintsu geratu da (61-70).
Parte-hartze datuen arabera, hondarribiarren %31,09 abstenitu egin da; boto zuriak %0,65 izan dira, eta baliogabeak %0,51. Denera, 13.208 herritarrek eman dute botoa Hondarribian.