Claudia Behobidek hirugarren postua lortu du maratoi erdian
Herriko korrikalariak brontzea eskuratu du Donibane Lohizune-Hondarribian; milaka lagun bildu zituen lasterketak herrian.
Berriz ere Claudia Behobide. Hondarribiarrak podiumaren hirugarren postura igotzea lortu zuen atzoko Donibane Lohizune-Hondarribia maratoi erdian. Milaka lasterkarik parte hartu zuten lehiaketan, eta beste hainbeste lagun erakarri zituen hitzorduak Hondarribira. Eguraldia lagun, herriko errepideak eta herria bera kolapsatuta zeuden eguerdi aldera.
Emakumeen artean, Gabriela Johanesek lehen postua eskuratu zuen 1:19:39 denborarekin; Cathy Gastellu bigarren izan zen (1:27:58) eta Claudia Behobide hirugarren, irabazletik bederatzi segundora (1:28:56).
Gizonei dagokienez, Chakib Lachgar lasterkaria izan zen helmuga zeharkatzen lehena 1:08:41 denborarekin. Haren ondoren sartu ziren Pierre Urruti eta Anthony Ricardo, 1:11:09 eta 1:11:15 denborekin hurrenez hurren.
Minbiziaren aurka aurrera eginez erronkaren protagonista Juantxo Garcia korrikalari solidarioak bestalde, 1.132 postu aurreratu zituen denera. Erronkaren baitan egingo dituen zazpi maratoi erdien artean laugarrena izan zen atzokoa. Bildutako dirua minbizia ikertzera bideratuko du errioxarrak.