Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak arraun elkartea omenduko du
50. urteurrenaren harira, Madrilen duen egoitzan harrera ekitaldia egingo dio organoak Hondarribiko elkarteko kideei.
Hondarribia Arraun Elkartearen 50.urteurrena zeresana ematen ari da. Hainbat izan dira aurtengo ospakizunak, eta horiek guztiak gutxi balira, oraingoan, Espainiako Kirol Kontseilu Gorenaren txanda iritsi da.
Harrera ekitaldia egingo die Maria Jose Rienda kontseiluko presidenteak arraun elkarteko duten 30 bat lagunei, tartean, arraunlariak, zuzendaritzako kideak eta teknikoak egongo direlarik. Hitzordua datorren ostegunerako finkatu dute, hilaren 31rako, goizeko 11:00etatik aurrera.
Omenaldirako arrazoi nagusia 50. urteurrena bada ere, azken bi urtetan eskuratutako Kontxako Banderengatik eta arrauna sustatzeko egindako lanarengatik erabaki du kirol instituzioak errekonozimendua egitea.
Arraunlarien Eguna
Hilaren 26an larunbatarekin Arraunlarien Eguna egitea aurreikusi du Hondarribia Arraun Elkarteak, klubaren instalazioetan, goizetik abiatuta. Taldetik igarotako ehunka arraunlari, zuzendari, tekniko eta boluntario biltzeko baliatuko dute aitzakia, baita elkarrekin bazkaria egiteko ere.