Urko Labeaga euskal presoak ateratzeko baimena jaso du
Informazioen arabera, hiruzpalau eguneko baimena eman dio Madrilek Labeagari «eragindako mina» aitortu eta «etorkizunean indarkeria erabiltzeari» uko egin ondoren.
Vocento taldeak zabaldu zuen albistea asteburuan, eta BERRIA egunkariak hala baieztatu du: Urko Labeaga euskal presoak egun batzuetarako irteera baimena jaso du. Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak sinatu du Labeagarentzako eta Emilio Salaberria euskal presoarentzako baimena. Villabonan (Asturias, Espainia) dago preso Labeaga, bigarren graduan, eta espetxearen barne araudiak ematen dio halako baimenak jasotzeko aukera. Informazioek diotenez, hiru edo lau egunez atera ahal izango da.
Euskarazko komunikabideak zabaldutako informazioaren arabera, «etorkizunean indarkeria erabiltzeari uko egin eta eragindako mina aitortu dute» bi presoek, 2013ko adierazpenean EPPKk egin bezala. BERRIAk dioenez, «esan dute euren jarrera ere lagungarri izan dela ETA buka zedin».
«Berri bikaina» dela iritzi dio Hondarribiko elkartasun taldeak, nahiz eta «tentuz» hartzen duela gaineratu duen, berria argitaratu denerako «familiak eta abokatuak» ez baitzekiten «ezer». Sopelarra da jaiotzez Labeaga, baina emaztea eta alaba hondarribiarrak ditu.