Herritarrekin batera Lapitze auzoa hobetzera
Hiritik At kooperatibako kideekin batera, Lapitzeko bizilagunek auzoaren etorkizuna definitzeko plana egingo dute. Auzoaren beharrak, potentzialtasunak eta erronkak ezagutu nahi dituzte.
Lapitze izango da Hiritik At kooperatibaren hurrengo geltokia. Izan ere, San Miguelen probatu ostean, Lapitze izango da auzo plana osatuko duen hurrengo auzoa. Plana osatzeko, kooperatibaz gain, aldundiaren laguntza ere jasoko dute auzotarrek.
Elitxu auzo elkartean proiektuaren xehetasunen berri eman dute gaur. Manuel Garcia auzo elkarteko arduradunak azaldu duenez, auzoaren egungo egoera aztertu nahi dute. “Egungo egoera aztertzea du helburu planak, egungo beharrak, potentzialtasunak eta erronkak ezagutzea, auzoa hobetzeko ekintza plan bat osatzeko”.
Proiektua garatzen hasteko, hiru ataletan banatuko dute egitekoa. Lehenik, eta gaur azaldu dutenez, jada amaitutzat dutena, auzoko agenteekin egindako elkarrizketak izan dira. Bestalde, gaur bertan bigarren faseari ekin diotela jakinarazi dute. Horretarako, bi foro ireki antolatu dituzte, hilaren 17rako (osteguna da) eta azaroaren 7rako. Horietan, herritarrekin batera auzoaren diagnostikoa egingo dute. Auzotar guztiei luzatu diete bertaratzeko deialdia.
Ildo nagusiak
Bada, mugikortasuna, hirigintza, ekipamendu publikoa, kultur aniztasuna, gazteak, adinekoak eta auzo ekonomia bezalako ildoak lantzeko asmoa dute. Halere, foroetan gehiago sortuko direla ziurtatu dute.
Lehen atal honetan, auzoko zortzi eragilerekin bildu direla zehaztu dute. “Auzoa bizirik dago, eragile guztiek auzo elkartearekin zuzeneko harremana dute”. Planak ere guztien arteko elkarlana bultzatu nahi du. Amaitzeko, etorkizunean osatuko duten planean bildutako proposamenak udalari eta aldundiari helaraziko dizkietela azaldu dute, udal politiketan txertatzeko asmoz.