XXI. mendeko aldaketak lortuko dituen belaunaldia
Oihartzun zabala izan du emakumeek alardean parte hartzeko eskubidea aitortzen dien alardeko kideen manifestuak. Mugimenduak ez du erreakzioen baloraziorik egin nahi izan. Guztion Alardea jaio da.
Alardea «XXI. mendera egokitzea» eta dagokion «duintasuna» itzultzea aldarrikatu zuen Guztion Alardea gazte plataformak aste honen hasieran argitara emandako manifestuan. Horretarako, Hondarribiko emakumeren batek alardean «modu batean zein bestean» parte hartzeko «eskubide osoa» duela adierazi zuen. Muga guztiak igaro, eta ziur asko espero ez zuten oihartzuna lortu du aurrera urratsak. Adierazpena egin eta ondorenean baloraziorik egin nahi ote zuten jakiteko haiekin harremanetan jarri da Hitza, baina momentuz, ez dutela adierazpenik egingo erantzun dute.
Urak baretzen diren bitartean, hainbat eragile izan dira iritzia eman dutenak, tartean nola ez, Jaizkibel konpainia. «Pozik» azaldu dira konpainia parekidekoak, «aurrerapausotzat» jo dute gazteen ahalegina. «Iritziaren eboluzioa aspalditik» antzematen zela gaineratu dute. Prozesuari jarraipena emateko helburuarekin, Guztion Alardearekin biltzeko prestutasuna agertu du, baita elkarrizketa «irekiak eta anitzak» bultzatzeko ere.
Ildo horretan, «elkarrizketetan Hondarribiko herritarrok parte hartu behar dugula» argi gelditu da konpainiaren iritziz, «alardea Hondarribiko herritarrona delako, maite dugulako, zaindu nahi dugulako eta berdintasunaren parametroan eguneratu behar delako». Halaber, alardea ez dela «elkarte konkretu batzuena» adierazi du, «publikoa, parekidea eta bakarra» izan behar duela baizik.
Udala, epel
Bi hamarkada baino gehiago bete dituen gatazkaren aurrean gazteek egindako urratsa «errespetu osoz» hartu du Hondarribiko Udalak. «Bizikidetza hobetzeko lanean» jardungo duela adierazi du, hori baita udalaren «helburu nagusiena». Horrez gain, ezer berri. Iragan irailaren 5ean udal talde guztiek adostutako testua gogora ekarri du berriz ere, eta elkarrizketa prozesua ireki zuten eragileei eskerrak eman dizkie, «badakigulako bide honetatik jarraitu nahi dela».
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea (EAJkoa da), ordea, ez zen tokiko gobernuaren epeltasunetik gertu geratu. Kontrara, baikor agertu zen gazteen adierazpenarekin: «Proposamen onargarria da, eta aparteko garrantzia du jende gazteak egina izateak».
Erreakzioak ez ziren bertan eten, eta Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak eta EAEko Ararteko Manuel Lezertuak «positiboki» ere baloratu zuten normaltasunaren alde gazteek egindako keinua. Adierazpena babestu eta esandakoa «oso ona» dela iritzi dio Lezertuak. Eta ez hori bakarrik: «Argi eta garbi erakusten du gizartea aurrera doala, gazteak buru direla».
Guztion Alardeak adostutako adierazpena «jai giroko bizikidetza eredu berri baterantz» joateko bidea dela zioen Arartekoak oharrean, «non emakumeen eta gizonen erabateko berdintasuna ezin uko eginezko baldintza baita». Hala, gazte horien iritzia, bat dator Arartekoak dituen alardeari buruzko datu eta inkestekin, «gizonak eta emakumeak ospakizun horretan berdin barneratzearen aldeko eta bizikidetza baketsuaren aldeko iritzia geroz eta zabalduago dago». Plastiko beltzekin eta Jaizkibelen kontrako jarrera oldarkorrarekin aritzen direnak «erabateko berdintasuna lortzeko bidean gizarteak izan duen aldaketa onartu nahi ez dutenak» direla zehaztu zuen.
Ildo beretik mintzatu da Izaskun Landaida, eta «bereziki itxaropentsua» dela adierazi du, «gazteengandik datorrelako». Hala, elkarrizketari heltzeko galdegin du, «gazte hauek elkarrizketarako dei egin duten bezala». «Atzerabueltarik ez duen pausoa» izatea espero du, eta bide horren emaitza izatea «Hondarribiak behingoz bere egun handia ospatu ahal izatea emakumeen parte hartzea bermatuz».
Aipatu beharra dago edizio hau ixterako Alarde Fundazioak ez zuela manifestuaren gaineko baloraziorik publiko egin.
Euria baino, «beldurra»
Gernikako Arbola leku esanguratsua delako Hondarribiko Alardearentzako, bertan bat egitea erabaki zuten hamarnaka gaztek igandean. Helburu bakarra zuten: manifestua irakurri, sinatu, argazki bat egin eta Alarde Fundazioari bilera baterako eskaria helarazi. Besterik ez. Elkarrizketa prozesua bultzatu eta eragile aktibo izan nahi dute gazteek, lekukoa hartu nahi dute, alegia. Igande arratsaldean euri zaparradak izan ziren Hondarribian. Eta Guztion Alardearen ideiarekin ados dauden asko ez ziren argazkira bildu, beldurragatik. Oztopoa ez zen euria izan, «beldurra» ordea, bai.
«Berdintasun eskubidea» ezerezean aldundian
Emakumeek alardean parte hartzeko duten «eskubide osoa» oinarri zuen mozio bateratua aurkeztu zuten asteazkenean EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Gipuzkoako Batzar Nagusien ohiko bilkuran. Azken egunotan ematen ari diren mugimenduek itxaropena piztu duten arren, argia izan zen PSE-EE eta EAJren kontrako jarrera. Sozialistek ez zuten eskubidea hitza babestu; jeltzaleek, aldiz, berdintasun eskubidea hitzak babesteari muzin egin zioten.
Hainbat puntuz osatutako ordezko testu bat aurkeztu zuen PSE-EEk, eta bertan, berdintasuna hitza babestu zuen taldeak, ez ordea, eskubidea. EAJk aurkeztutako testu alternatiboak elkarrizketa hitza puntu bakoitzean errepikatzen zuen, hiru bider guztira, baina inondik inora ez zituen berdintasuna eta eskubidea hitzak jasotzen. Beraz: emakumeen jaietako parte hartzearen gaineko desadostasuna zeharo agerian gelditu da aste honetan Gipuzkoako Foru Aldundia osatzen duten alderdien artean.
25 urteko tradizioa
«Pena» agertu zuten mozioaren bultzatzaileak desadostasunen ondorioz testu guztiak babesik gabe gelditu ondoren. Marivi Eizagirre Elkarrekin Podemoseko batzarkideak Jaizkibel konpainiak egindako ibilbidea dagoeneko «tradizioaren parte» kontsideratu zuen. «25 urte daramatza hori eskatzen, eta ez zaio onartzen; hori diskriminazioa da, instituzioen babesean egindako diskriminazioa», kritikatu zuen. Aldundiak berdintasun printzipioari uko egin izana deitoratu zuen, eta «tradizio ororen gainetik» egon beharko lukeela printzipioa gaineratu.
EH Bilduko batzarkide Amaia Azkuek tentsioa jaisteko egindako ahalegina «nahikoa» ez izatea leporatu zien aldundiko ordezkariei. Jaietan emakumeek «libre eta benetako berdintasunean» parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatu zuen koalizioko kideak, «mugarik gabe». Andreek alardean parte hartzeko bizi duten «debekua» indarrean egotea «onartezina» dela iritzi zion. Ildo horretan, «bazterketa luzatzen» jarraitzeari uko egitea eta «beste jarrera bat» hartzera gonbidatu zituen buruzagiak.