"Pozik" hartu du Jaizkibel konpainiak Guztion Alardeak publiko egindako manifestua
«Aurrerapausotzat» jo du konpainiak gazteek egindako adierazpena, eta haiekin «biltzeko prest» daudela gaineratu du, «elkarrizketa irekiak eta anitzak sustatzeko gure borondatea adierazten dugu».
Guztion Alardeak mugimenduak emakumeen parte hartzearen alde egindako adierazpenak «pozik» eta «aurrerapauso» gisa hartu ditu Jaizkibel konpainiak. Alardean emakumeen presentziaren inguruko «iritziaren eboluzioa» ematen ari zela «aspalditik antzematen» zutela azaldu dute. «Jaizkibel konpainia geroz eta handiagoa izateaz gain, kaleko babes eta begiradek hala erakutsi digutelako», adierazi dute konpainiako kideek komunikatuan. Are gehiago, Arartekoak atzo esandakoaren arabera, «inkestek ere berbera omen diote».
Guztion Alardea manifestua argitara eman duten gazteekin biltzeko borondatea agertu du Jaizkibelek, baita «elkarrizketa ireki eta anitzak» bultzatzeko ere. Ildo horretan, «elkarrizketetan Hondarribiko herritarrok parte hartu behar dugula» argi gelditzen dela nabarmendu du konpainiak, «alardea Hondarribiko herritarrona delako, maite dugulako, zaindu nahi dugulako eta berdintasunaren parametroan eguneratu behar delako».
Azkenik, alardea ez dela «elkarte konkretu batzuena» gogorarazi du Jaizkibelek, «publikoa, parekidea eta bakarra» izan behar duela baizik.