Udala, gazteek egindako adierazpenaz: "Errespetu osoz hartzen dugu"
Hondarribiko Udalak oharra bidali du hedabideetara, alardean emakume soldadurik onartzen ez duten konpainietan era batera edo bestera parte hartzen duten gazteen adierazpenaren harira.
Hondarribiko Udalak atzo era batera edo bestera parte hartu duten hainbat gaztek egindako adierazpenaren balorazioa egin du: “Udalak errespetu osoz hartzen du herriko hainbat gaztek sinatu duten adierazpena eta sortu duten plataforma alardearen inguruan aritzeko”.
Udalak, aldi berean, jakinarazi du urte osoan “bizikidetza hobetzeko lanean” jardungo duela, “hori da gure helburu nagusiena”., eta gogorarazi du irailaren 5ean udaleko talde politiko guztiek adostutako testuan jasota dagoena: “Elkarrizketari bidea eman zaio azkeneko urtean, eta eragileekin batera Alardearen inguruan sortu den gatazkari buruz hitz egiteko pausoak eman dira”.
Elkarrizketa bide horretan parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkie udalak egindako ahaleginagatik, “udala osatzen dugun alderdi guztiok argi dugu bide honetatik jarraitu nahi dela”.