"Emakumeen eskubideak elkarrizketaren erdigunean" jartzeko galdegingo du EH Bilduk
Koalizio abertzaleak alardearen inguruan aurkeztutako mozioa eztabaidatuko dute bihar Gipuzkoako Foru Aldundiko Batzar Nagusiek.
Hondarribia eztabaidaren erdigunean egongo da bihar Gipuzkoako Foru Aldundian. Batzar Nagusien Osoko Bilkurak Zaldunbordako outlet erraldoiaren proiektua eztabaidatuko du lehenbizi, eta alardearen gaineko mozioa hizpide izango dute ondoren. Iragan irailaren 18an Markel Olano Diputatu Nagusiak egindako interpelazioaren harira aurkeztu zuen koalizio abertzaleak mozioa, eta «emakumeen eskubideak eztabaidaren erdigunean» jartzea du helburu.
Mozioak dioenez, «ulergaitza» da koalizioarentzako elkarrizketa prozesua eten zenean «diputazioak izandako isiltasuna eta ekimen zehatz falta». Ildo horretan, Olanok behin baino gehiagotan gaia hizpide izan arren, «elkarbizitza arazo» gisa definitu izana kritikatzen du EH Bilduk, eta «herritar guztien eskubideak bermatzea» edozein agintari politikoren «betebeharra» dela gogorarazi dio.
Lau puntu biltzen ditu beraz bihar eztabaidatuko den mozioak. Lehenak, elkarrizketaren aldeko apustua berresteko eskatzen die Batzar Nagusiei, «betiere emakumeen eskubideak eztabaidaren erdigunean jarriz», eta «normaltasuna», «berdintasuna» eta «parekidetasuna» bermatuz. Baliabide ekonomiko eta pertsonalak bideratzeko eskaria jasotzen du mozioaren bigarren puntuak. Batzar Nagusiek berdintasunaren alde egindako lana aitortzen dio Jaizkibel konpainiari hirugarrenak, eta beraz, «babes hori publiko egitera» galdegiten ditu diputazioa eta tokiko gobernua. Azkenik, Batzar Nagusiek Hondarribiko Udalari «alarde publiko parekide bakarra» arau dezan eskatzeko galdegiten du koalizioak.
Ondoren, mozioa bere osotasunean irakur daiteke:
Gipuzkoako EH Bilduk alardearen inguruan aurkeztutako mozioa