Historia bezain kontalari erraldoiak
Ondare Kultur Elkarteak erraldoien familia handitzeko apustua egingo du. Hiriaren historia erraldoien bitartez gerturatu nahi diete herritarrei, bereziki txikienei. Horretarako, laguntza ekonomikoa behar du elkarteak.
Datorren urtetik aurrera, Irungo historia kronista oso berezi batzuek kontatuko dute. Izan ere, hiriaren iragana irundarrei gerturatzeko apustua egin berri du Ondare Kultur Elkarteak, Irun, historia erraldoia proiektuarekin.
Elkarteko buruhandi eta erraldoiak erabilita, hiriko historia azaldu nahi diete herrikideei, bereziki etxeko txikienei. Eta horretarako, laguntza ekonomikoa behar du elkarteak, familia handitzeko apustua egin nahi baitute elkarteko kideek. Bada, Gipuzkoako beste 14 proiekturekin batera, Meta! deialdian aukeratu berri dute irundarren proposamena; dagoeneko crowdfunding batean murgildu da Ondare. Hala, atari hau baliatuz, 40 egunetan gutxienez 11.000 euro biltzeko helburua ezarri dute.
Elkarteko zuzendaritzako kide Iñigo Mangasek harro azaldu duenez, erraldoiak dantzatzeko ikastaroek arrakasta handia izan dute, jada urtebete pasatu da horiekin hasi zirela. Hiru urtetik gorako lagunek hartu ohi izan dute parte horietan, eta eskaera gero eta handiagoa izaten ari dela onartu du: «Haur gehiegi daude ditugun erraldoietarako, gero eta gehiagok ematen dute izena». Erraldoiak dantzatzea «modan» dagoen kultura dela kontatu du, eta gero eta haur gehiago direla kaleetatik jarraitzetik, dantzatzera jauzia egiten dutenak. Arrakasta horrek ere bultzatu ditu elkarteko kideak familia handitzera.
Proiektuaren helburu nagusia «Irungo eta Euskal Herriko kultura eta historia mantendu eta ezagutzera eramatea» dela azaldu du, baina baita irundar txikienei «ekintza osasungarri» bat eskaintzea ere. Eta horretarako, erraldoien laguntzarekin gerturatuko diete herriko txikienei hiriaren iragana. «Gure erraldoi guztiek Irungo historia irudikatzen dute. Hortaz, gure tresna didaktikoak dira gure hiriaren historia ezagutarazteko».
Gainera, alboan Bakarne Atxukarro idazlea izango dutela kontatu du. Hark lortutako datuekin, hiriaren historiari «itxura» emango diote, ondoren haurrei kontatzeko.
Oro har, buruhandi eta erraldoiak haurren arreta deitzen duten pertsonaiak direla dio Ondarekoak, eta une horretan haurrei historia kontatzea «oso erraza» izan ohi dela. «Erraldoiaren aurrean haurra entzuteko prest dago, une aproposa da erraldoiak irudikatzen duen pertsonaiaren historia kontatzeko», gehitu du irundarrak.
Iragan luze hori mamitzen jarraitzeko asmoz, erraldoi gehiago sortuko dituztela azaldu du Mangasek, hiru berri hain zuzen ere: karabineroa, amona baserritarra, eta Bidasoa eskubaloi taldeko jokalaria. «Europako Kopa irabazi zutenetik 25. urte bete direla ospatu nahi dugu, gertaera hori omendu». Gainera, Euskal Herrian tankera horretako erraldoi bakarra izango dela kontatu du, harro, eta irundarrentzat «oso berezia» izango dela. Hiru berriekin, eta etorkizunean iritsi daitezkeen besteekin, etengabe historia «erraldoitzen» joateko asmoa dute. Irun, historia erraldoia bide luzeko proiektua izango dela aitortu du zuzendaritzako kideak, hiru horiekin hasi besterik ez direla egin. Joan den urtean aurkeztu zituzten erraldoi berriekin atal bat osatu zutela dio, eta crowdfunding honetan lortutakoarekin «beste pausu garrantzitsu bat» emango dutela.
Joan den irailaren 19an ekin zioten diru bilketari, eta orain arte, 6.500 euro inguru bildu dituztela kontatu du (oraindik beste 6.000 behar dituzte). «Muga gaindituko dugula uste dugu, oraindik egun dezente ditugu aurretik». Itxaropentsu dago Mangas, eta beste behin irundarrei —bakoitzak ahal duen neurrian noski— laguntzeko eskaera luzatu die. «Oso pozik gaude bizilagunek emandako babesarekin. Bakoitzak nahi edo posible duen ekarpena egin dezake, eta guretzako izugarrizko laguntza izango da». Beste behin, elkartearen inguruan laguntzen dabiltzan norbanakoak eskertu nahi izan ditu.
Herritarrak egiten ari diren donazioek, gainera, sari berezia izango dutela zehaztu dute Ondaretik. Sariak banatuko dituzte, norbanakoek egindako sarreren araberakoak. Erraldoi berrien aurkezpen berezirako txartelak, erakusketetarako sarrerak, kamisetak, motxilak, argazki bildumak, postalak… Denek trukean zerbait jasoko dutela ziurtatu dute, oroigarri gisa.
«Hiri erreferentea»
Proiektutik harago, erraldoiek hiriko kulturan duten presentzia handia nabarmendu nahi izan du Mangasek. «Irun hiri erraldoia dela esan dezakegu. Hiru konpartsa ezberdin gaude momentu honetan erraldoien mundua zabaltzen eta lantzen». Atsegiñak, Bidasoaldeko erraldoiek eta Ondarek proiektu propioa dutela dio, baina hiruen artean Irun erraldoien munduan «erreferente» izatea lortu dutela.
Irun, historia erraldoia proiektuaren zein elkartearen inguruko informazio gehiago jasotzeko interesa dutenek, www.ondareirun.es webgunean dituzte eskuragarri nahi adina xehetasun.