«Fede txarrez eta ausarkeriaz» jokatu izana ukatu du oposizioak
«Outlet-aren eraikuntzarako oinarriak jartzen dituen Plan Partzialaren sinadura» dekretuz itxi izana leporatzen diote alkateari, «lege berria onartu baino 24 ordu lehenago».
Zaldunborda Gaina eremurako aurreikusitako outlet erraldoiaren proiektuak akusazio sorta eragin du, berriz ere, Hondarribiko udal taldeen artean. Iragan astean «gezurretan aritzea» leporatu zien tokiko gobernuak EH Bilduren, Abotsanitzen eta PSE-EEren udal taldeei. Oraingoan, bere burua defendatu nahi izan du oposizioak, eta «fede txarrez eta ausarkeriaz jokatu izana» ukatu dute hiru alderdiek elkarrekin idatzitako erantzun bateratuan.
Zaldunbordako outlet erraldoiaren Plan Partzialaren sinadura «dekretuz» itxi izana leporatu diote beste behin Txomin Sagarzazu alkateari. Ildo horretan, Eusko Legebiltzarrak tankera eta dimentsio horietako merkataritza guneak «debekatzen dituen euskal lege berria onartu baino 24 ordu lehenago» onetsi zuela dekretua salatu dute. Hasiera batean gainera, dekretua gaztelania hutsean erredaktatu izana ere kritikatu du oposizioak. Are gehiago, denbora batera dekretua «bi hizkuntzetan» eta «hasierako argitalpen datarekin» publikatu izanak atentzioa eman diela ere esan dute.
Bestalde, «entitate pribatu batekin lotutako edo menpe dauden interesen aldeko jarduketa administratiboa» bezalako akusazioak ukatu dituzte hiru taldeek, eta beste alderdi batek, «beste testuinguru batean» eginak direla ziurtatu dute. Eremu horren kutsadura «nahitaez konpontzeko» argudioa saldu ez dezala ere eskatu diote udal gobernuari.
Azkenik, oposizioak emandako argudioak aintzat hartzeko eskatu diote tokiko gobernuari. Eta ildo horretan, herritar zein eragile ororen artean zer egin erabakitzeko «eztabaida publikoa» has dezan galdegin diote alkateari eta bere udal gobernuari.
Gogoraraztekoa da Irungo Udaleko talde guztiek proiektua bertan behera uztea exijitu zutela iragan astean.
Zaldunborda Gaina dela eta, oposizioaren erantzun bateratua udal gobernuari.