Alde Zaharreko kaleak agertoki bihurtuko dira berriz ere
'Hil kanpaiak' izenburuko filma grabatuko dute ostiraletik larunbatera; euri artifiziala erabiliko dutela jakinarazi dute eta beraz, kontraleihoak eta pertsianak ixteko eskatu diete bizilagunei.
Ohikoa bilakatzen ari da Hondarribiko Alde Zaharra filmen agertoki bihurtzea. Eta oraingoan, berriz ere, lokalizazio gisa aukeratu dute Hil kanpaiak filmerako zenbait pasarte grabatzeko. Yon Gonzalez, Itziar Ituño eta Eneko Sagardoy, Handia filmaren pertsonaia nagusia, izango dira protagonistak.
Ostiralean arratsaldeko 17:00ak aldera ekingo diote grabazio lanei eta larunbatean goizaldeko 04:00ak arte luzatzea aurreikusi dute. Esandakoaren arabera, eszena euritsuak grabatu behar dituzte eta euri artifiziala erabiliko dute horretarako. Hori dela eta, kontraleihoak eta pertsianak ixteko eskaria helarazi diete auzokideei. Kale Nagusiaren eta Etxenagusia Margolaria kalearen inguruan lan egingo dute ekoiztetxekoek, eta Apezpiku plazaren inguruan gordeko dute haientzako aparkalekua,
Hil kanpaiak film luzea Imanol Rayoren gidaritzapean grabatzen ari diren ikus-entzunezkoa da, Miren Gorrotxategi idazlearen 33 campanadas (33 ezkil) nobelan oinarrituta. Eneko Sagardoy, Itziar Ituño eta Yon Gonzalez antzezleez gain, Josean Bengoetxeak, Itsaso Aranak, Asier Hernandezek eta Iñigo Aranburuk osatzen dute thriller honen aktore taldea.
Sinopsia
Baserri batean lurperatutako burezur bat agertzerakoan hasten da familia arteko drama hau. Fermin, familiako aitalehena eta burezurra aurkitu duena, ermita batean hilik agertuko da handik gutxira.