'Errimak bi oinetan' ikuskizunak dantza eta bertsolaritza uztartuko ditu
«Bertso sorta zahar eta berriei mugimendua emanez, gaurkotasunaren inguruko gogoetak plazaratzea» helburu du Haatik dantza konpainiaren emanaldiak.
Errimak bi oinetan bertso eta dantza ikuskizuna taularatuko du bihar iluntzean Haatik konpainia gipuzkoarrak. Bertso ariketak eta jokoak dantzara eramango ditu taldeak, eta «bertso sorta zahar eta berriei mugimendua emanez, gaurkotasunaren inguruko gogoetak plazaratzea» du xede emanaldiak. Biharkoz finkatu dute hitzordua Itsas Etxea Auditoriumean, 20:00etan abiatuta.
Euskara eta euskal kulturan oinarritzen da Haatik konpainiaren nortasuna, eta «bere sustraien eta bide berriagoen arteko zubiak eraikitzen ditu». 2012. urtean estreinatu zuen Errimak bi oinetan lana eta horri esker, bere izena ezagutzera ematea lortu zuen konpainiak.
Biharko emanaldirako sarrerak hiru euroan jarri dituzte salgai, Interneten edota Itsas Etxean bertan.