Sexu aniztasunaren aurkako pintaketak gaitzetsi ditu udalak
Ekainak 28 Harrotasunaren Eguna plazatxoko zubipean egin dituzte pintaketak; dagoeneko garbiketa lanak hitzartu dituela jakinarazi du tokiko gobernuak.
Ekainak 28 Harrotasunaren Eguna izeneko plazara sartzeko tuneletan askatasun sexualaren aurka egin dituzten pintaketak gogor gaitzetsi ditu Rebeca Gonzalez Balore eta Giza Eskubideen zinegotziak. «Pintaketa horiek aniztasun sexualaren aurkakoak dira», adierazi du hautetsiak, «gaur, inoiz baino indar gehiagorekin, maitasunerako defentsa eta askatasunez bizitzeko eskubideak defendatu nahi ditugu».
Osinbiribil biribilgunearen barruan kokatuta dago Ekainak 28 Harrotasunaren Eguna plazatxoa. Iragan martxoan Gehitu kolektiboaren laguntzarekin mural bat margotu zuten hiriko hainbat gaztek plazatxoaren sarbiderako zubipean. Ortzadarra eta aniztasun sexualaren aldeko mezuak nagusitu ziren muralean.
Pintaketak garbitzeko lanak abiatzeko prozedura dagoeneko martxan jarri dutela jakinarazi du Gonzalezek.