Astelehenera arte eska daiteke 'Erosi eta ikasi' diru laguntza
Erosketen fakturak gordetzeko deialdia egin du udalak.
Irungo Udalak jakinarazi duenez, egun gutxi geratzen dira ‘Erosi eta ikasi’ diru laguntzak eskatzeko. Datorren astelehenera bitarte (hilak 30) eskolako materiala erosteko laguntza eska daiteke.
Iaz egitasmoak izan zuen harrera ona ikusita, (1.422 laguntza eman zituen udalak; 154.000 euroko inbertsioa egin zuen), aurten ere errepikatzeko apustua egin dute. Hala, eskolarekin lotutako material guztia erosteko diru laguntza jaso ahal izango dute irundarrek (LH eta DBHko ikasleen familiek). Material hori, joan den ekainaren 21etik hilaren 30era bitarteko epean erosi beharko da, Irungo denda zein eskoletan.
Errentaren arabera, hiru diru laguntza mota jasotzeko aukera izango da (100, 75 edo 50 eurokoa). Udalatik gogoratu dutenez, beharrezkoa izango da erosketa guztien tiketa gordetzea. Eskera egiteko, Irun Txartela baliatu daiteke, baina bestela, HAZ bulegoan ere egin daiteke. Aurtengo programarako, 200.000 euroko aurrekontua du udalak.