[Galeria] Musean lehiatzen ari dira Bentan
22 bikoteren arteko lehia abiatu da arratsaldeko 16:00etan; denek helburu bera dute begi artean: lehen sariko bi urdaiazpikoak gaurko kuadrillen afarira eramatea.
Zer dira jaiak Euskal Herrian mus lehiaketarik gabe? Hondarribian ere afizioa duen jendea dagoela argi gelditu da uneotan jokatzen ari den Kafe eta Mus Lehiaketan. Gaztetxeko kideek antolatu dute txapelketa eta 22 bikote ari dira parte hartzen denera. Baten bat kanpoan gelditu behar izan da bikoterik ez zuelako.
Bestalde, sariak ez dira nolanahikoak: bi urdaiazpiko bikote irabazlearentzat, bi gazta bigarrenarentzat eta bi ardo botila –bata txuria eta bestea beltza– hirugarrenarentzat.
Adin guztietako jendea parte hartzen ari ziren lehiaketan, baita herritik kanpo etorritakoak ere –Hendaiatik hurbildutakoak alegia–. Zeinek irabazten duen ikusi beharko da orain.