[Galeria] Lehertu dira jaiak
Txikienek hasiera eman diete 2019ko jaiei gaur goizean puxika jaurtiketa eginda; ondoren, zezen puzgarrien entzierroa izan da. Anbulantziari esker ez dute inor ospitalera eraman izan behar.
2019. urteko Hondarribiko Jaiak hasi dira dagoeneko. Txikienak izan dira protagonista gaur goizean, udaletxeko balkoitik egindako puxika jaurtiketan. Ondoren, zezen puzgarrien entzierroa egin dute Alde Zaharreko kaleetan zehar. Aurten anbulantzia ere atera da zezenen atzetik eta horri esker, ez dute zauriturik ospitalera eraman behar izan.
11:00ak aldera hasiera eman diete aurtengo jaiei Koldo Emery herriko aurkezle ‘ofiziala’-k eta Nikole Zuzaia txikiak. Poz-pozik agertu da Zuzaia ekitaldian, mikrofonoa bere eskuaren parte izango balitz bezala eta udaletxeko balkoia bere habitat naturala.
Hitz batzuen ondoren, puxika jaurtiketari ekin diote bi aurkezleek eta bertan bildutako ordezkaritza politikoak. Eztanda egin du festak orduan.
Entzierroaren aurretik, arrauna
Estropada txiki bat egin dute han bildutako txikiak, Emeryren animoak jasota. Lurrean eseri eta Kontxako Bandera etxera ekarri behar zutela zirudien, entzierroaren iragarlea zen lehen suziria bota dutenean.
Denak korrika hasi arren, bigarren suziria bota duten arte ez dira Errioxako zezenak Santa Maria Arkutik pasa. Aurten gainera, anbulantzia eta guzti. Kale Nagusia igo dute zezenek, San Nikolas kalearen zati bat jaitsi dute Gipuzkoa plazarantz abiatzeko eta azkenik, Arma plazara joan dira. Gaztetxearen aurretik pasa diren arren, atzoko parrandaren ondoren beste etxe huts bat baino ez zirudien eraikina.
Arma plazan lehiatu dira ondoren errekorteak egiten sei urtetik beherakoak alde batetik, eta seitik gorakoak, bestetik. Behin eta berriz errepikatu behar izan du Emeryk animaliei ez heltzeko, ezta jotzeko ere. Animaliei tratu txarrik ez emateko, alegia. Azkenean, Jokin gailendu da lehen taldean, eta Luken bigarrenean. Lehia bizia izan da gaurkoa.