[Galeria] Hunkituta jaso dute saria Skolaeko kideek
Hondarribia Berdintasun Hiria sariaren banaketa egin zuen atzo iluntzean Jaizkibel konpainiak, Itsas Etxean antolatutako ekitaldian.
Txilibito doinuak entzuten hasi eta Itsas Etxearen atzealdetik agertu zen Jaizkibel konpainia atzo ilunabarrean, seguruenik inoiz izandako entsegu jendetsuenean. Konpainia ez zen eliza eta Itsas Etxearen arteko kalean kabitzen Amaia Sanz kantinerari pasilloa egin ziotenean. Musika doinuak eten eta Itsas Etxearen Auditoriumean hasi zen ekitaldia orduan.
Ordezkaritza politiko, sindikal, kultural, feminista eta herritar arruntak; han zeuden konpainiaren zain, sari banaketa hasteko irrikitan. Ekitaldi «xumea» baina «hunkigarria» izango zela aurreratu zuen Izaskun Larruskain Jaizkibel konpainiako kapitain ohiak. Eta aurreikuspen guztiak bete zituen sari banaketak.
Skolae eta txikienak protagonista
Jaizkibel konpainiako txikienek izan zuten saria banatzeko ardura. Txilibitoa joz sartu ziren auditoriumean eta behin agertokira igota, zapi koloredunak jantzi zizkieten Skolae proiektuko kideei.
Benetan hunkituak agertu ziren kideak. Mikrofonoa hartu eta malkoei eustea benetan zaila egin zitzaien. Bizitako «traba guztien gainetik», horrelako sostengua jasotzea haientzat «oso garrantzitsua» dela adierazi zuten, «norabide egokian» ari direla, alegia.
Auditoriuma betetzea lortu zuten Jaizkibeleko arduradunek. Saria banatu ondoren, berriz ere entseguari hasiera eman zion konpainiak. Afari-merienda egin zuten bukaeran Klink elkartean.