Erne ibili, badatoz zonbiak!
Irungo Ondare Kultur Elkarteak rol joko oso berezia sortu berri du. 2020ko uztailaren 4an zonbi eta euskal mitologiako pertsonaiekin batera ginkana erraldoi batean hartuko dute parte lehenengoz irundarrek, gauez gainera.
Datorren 2020ko uztailean Irunek egun batez Hollywoodeko plato baten itxura hartuko du. Izan ere, zonbiek eta euskal mitologiako pertsonaiek hiriko kale eta txokoak hartuko dituzte, Ondare Kultur Elkartearen Mari eta akelarre madarikatua rol joko berritzaileari esker.
Azken urteetan mundu osoan zehar fama handia hartu duten Survival zombie rol jokoen antzeko partida bat prestatu dutela kontatu du elkarteko zuzendaritzako kide eta era berean sortzaile Txemi Moredak. Ideia hori hartuta, Euskal Herriko mitologiara egokitu nahi izan du joko osoa. «Oso aberatsak gara mitologian eta beharrezkoa da ezagutza hori transmititzea». Horregatik ekin zion duela urtebete luze jokoa sortzeari, eta nola ez, jokoak eta mundu horrek sorrarazten dion «frikitasunak» ere bultzatu du gogor lan egitera.
Bada, zertan datza jokoak? Egileak azaldu duenez, partidari ekin aurretik, akelarre moduko bat irudikatu dute, bertaratutako bizilagunen gozamenerako. Orduan hasiko da jokoa, Mariren seme Mikelatsek akelarrea zapuzten duenean hain zuzen ere. Jokalari guztien helburua akelarre hori amaitzea izango da. Eta horretarako, ginkana moduko batean hartuko dute parte herritarrek, hamahiru proba gainditzeko asmoz. Bide horretan, euskal mitologiari lotutako pertsonaia eta istorioak aurkituko dituzte, askotarikoak. Lamiak, basajaunak, Maju, galtzagorriak… Denek protagonismo handia izango dutela ziurtatu dute. Baina adi egon daitezela partaideak bidean zehar, dozenaka zonbiren eskuetan erortzeko arrisku handia izango baitute; zonbi apokalipsiak eztanda egin du. Baten batek harrapatuz gero, akabo jokoa.
Informazio ugari eman arren, antolatzaileek ez dute xehetasunik eman nahi izan. Sorpresa ugari izango direla diote, eta datozen hilabeteetan berri ugarirekin etorriko direla.
2020ko uztailaren 4koa ez da ohiko ginkana bat izango, ezta gutxiago ere. Bestelako kiroletan bezalaxe, aurretik entrenatu beharreko jarduera izango dela diote. Hala, dagoeneko eskuragarri jarri duten webgunean
pertsonaia guztien informazio eta historia bildu dute, zehaztasun guztiekin. «Beharrezkoa izango da pertsonaia guztiak ongi ezagutzea probak pasa ahal izateko», azaldu du Moredak. Bide batez, euskal kultura
sustatzeko ere baliagarria izango dela nabarmendu dute antolatzaileek.
Egun handirako den-dena prest dute. Dagoeneko elkarteko 100dik gora boluntariok izena eman dute dena behar bezala atera dadin. Gainera, mitologia erabat errespetatzeko apustua egin du sortzaileak, eta ilargi betea dagoen gauean egitea erabaki dute. Horregatik datorren urteko data zehaztearen arrazoia.
Irundarrek bizituko duten apokalipsia luzea izango dela jakinarazi berri dute elkarteko kideek. Rol joko berezia 23:00etan hasi eta 05:00etan amaituko dutela diote. 14 urtetik gorako herritarrek izango dute aukera jokatzeko; adin txikikoek heldu baten laguntza izan behar dute. Jokalari kopuruaren langa, aldiz, 350ekoa izango da lehen esperientzia honetan.
Taldeko lanari garrantzia handia eman diote antolatzaileek. «Laguntasuna bultzatu nahi dugu joko honetan, lehiakortasuna baino gehiago». Horregatik, ez da jokalari —edo talde—garaile bakar bat izango. Hortaz, partaide guztiek opari bereziak jasotzeko aukera izango dutela azaldu du Moredak.
Kutsu solidarioa
Ondare Kultur Elkarteak betidanik izan duen ohitura batekin jarraituko dute joko honetan ere. Urtero, urtarrilaren 5ean babeseko etxeetan dauden haurrekin biltzen dira elkarteko kideak, haiek ere opari bana jaso dezaten. Hortaz, bildutako diru guztiaren erdia datorren urteko opariak erosteko erabiliko dutela azaldu dute elkarteko kideek. Jostailu bat, irribarre bat kanpainaren barruan sartu dute ekintza hori.
Orain dela bi urte inguru egin zuen topo Moredak lehen aldiz zonbien inguruko joko berezi honekin. Ordutik, erabat maitemindu dela onartu du, eta bere eguneroko ordu asko hartu dizkiola Mari eta akelarre madarikatua sortu eta antolatzeak. Dozenaka herritan jasotako esperientzia onenak bildu ditu azken honetan.
Irunen estreinatuko duten jokoa lehen sorkuntza izan arren, ez da Moredaren azkena izango. Dagoeneko esku artean bestelako joko antzeko ugari ditu, denak euskal mitologiari lotutakoak. Azaldu duenez, azken hilabeteotan Trintxerpen egiteko joko luze batean aritu da lanean. Datorren urtean egitea du helburu. Irunen bezala, esperientziak arrakasta izango balu, urtero errepikatzeko asmoa du Moredak. Eta horrekin batera, jokalarien kopurua handitzen joateko apustua ere egingo dute.
Jokoaren gaineko informazio zehatzagoa jaso nahi dutenek webgune honetan eskuragarri dute. Izen emateak ere bertan egiteko aukera izango da, apirilaren 1etik aurrera zehazki.